2010eko otsailaren 28an, Josebak, 19 urte eskaseko arrasatear oso ezagun, alai, ekintzaile, mendizale, espeleologo-zale eta gaztetxeko asanbladako kideak gure mendi enblematiko Udalatxen utzi zuen bizia.
Albiste tristeak Arrasate astindu zuen, gazteak bereziki, haren galerarekin sumindu zirenak.
Haren irribarrea, aktibismoa eta bizitzeko gogoa sugar izan ziren gaztetxeko lagunek saminaren, inpotentziaren eta estutasunaren gainetik indarrak atera zitzaten Uarkape pilotalekuaren paretan, gaztetxetik metro gutxira, mural adierazgarri eta hunkigarria egiteko, zera esaten zuena: Zeu zara gure garra… eta geuk txoria genuen maite.
Mozal ordenantza madarikatua, adierazpen askatasuna mugatzen eta taloi bidez egiten ez denean izan ezik paretetan isiltasuna inposatzen ahalegintzen den hori, gure herrian sumindura eragiten hasi da, eta atzo, kasurik onenean, "deskuido" baten, edo, okerrenekoan, sentsibilitate eta errespeturik ezarengatik, bere mozala zabaldu eta gaztearen oroimenezko murala tapatu zuen.
Atzo, berriro ere, samina, amorrua eta, seguru aski, malko gehiago isuri ziren Josebarengatik.
Alkate andrea eta Oscar Garcia jauna, uler dezaket adierazpen iraingarriak edo pertsonen edo taldeen ohorearen kontrakoak tapatzea, baina minik eragiten ez duten muralak tapatzea lotsagarria iruditzen zait, eta, kasu honetan moduan, pertsona baten oroimenerako murala baldin bada, orduan ja haserrea eragiten dit.
Alkate andrea, halako ekintzek ekarpenen bat egiten diote bizikidetzari?
Pare bat hilabete eskas bukatu dute Gelmako paretako murala. Nik, pertsonalki, gustukoa dut; hori bai, diru publikoarekin ordainduta dago. Tapatu duzuena saminak eta malkoek bultzatuta egin zen, baina, nire ustez, sikiera, errespetu berbera merezi zuen.
Gertatutakoa horren mingarri izan ez dadin azalpenen bat entzutea espero dut. Baina bereziki eskatuko nizueke hausnarketa serioa egin dezazuen biharko egunean ez dadin atzera ere Arrasate garbiago baten izenean adierazpen askatasunaren kontrako ekintza penagarririk gertatu.
Murala egin zenutenok nire babes eta laguntza osoa duzue berriro ere lehengoratzen laguntzeko.
----------
Alberto Encinas
Arrasate