Biolentziaren eraginak jasan dituztenen testigantzak gizarteratzea, eta herritarrekin batera memoria osatzeko aurrerapausoak ematea dira Memoriaren plazaren helburuak. Gaurtik eta domekara bitartean, Arrasateko Plaza memoria lantzeko gune bilakatuko du eta horretarako herritarrei parte hartzera animatzeko deia egin die Aintzane Ezenarro Gogora Institutuko zuzendariak. Azpimarratu beharrekoa da Arrasateko Udalbatzako alderdi guztiek elkarrekin bultzatutako ekimena dela.
Ezenarro izan da irekiera ekitaldian hitza hartu duena. Hainbat herritarrez gain, bertan izan dira Arrasateko Udalbatzako ordezkariak, eta baita biolentziaren eraginak jasan dituzten herritarrak ere bai. Ikus-entzunezko batekin, proiektu honetako protagonista diren biolentziaren biktimen lekukotasunak entzun dituzte lehenik eta behin. Ondoren. herritarrei euren testigantzak emateko aukera dutela azaldu die Ezenarrok, erakusketan horretarako presatutako txokoan.
Behin hau eginda, erakusketak dituen gune ezberdinak azaldu ditu Ezenarrok eta horrela amaitutzat eman dute irekiera ekitaldia.
Ekintza ugari domekara bitartean
Bihar, martitzena, memoria historikoari buruzko hitzaldia eskainiko du Paco Etxeberria antropologoak. 19:00etan izango da eta Hobiak desehortziz. Duintasuna berreskuratuz izenburua du. Ekitaldia berean, Intxorta 1937 Kultur Elkartekoek Arrasateko Memoria historikoa mahai ingurua egingo dute, eta Eneko Azkarate kazetariak egingo ditu aurkezle lanak.
Osteguna Arrasateko biktimen testigantzak entzuteko eguna izango da. Bertan Olatz Etxabek eta Sandra Carrascok euren esperientziak partekatuko dituzte euren herritarrekin, eta aukera interesgarria izango da eurek bizitako sufrimendutik bide berriak eraikitzen hasteko.
Horrez gain egunero egingo dira dokumentalen proiekzioak. Lanegunetan El valor de la autocrítica egongo da ikusgai 17:00etan, eta jaiegunetan bi ikus-entzunezko proiektatuko dituzte; 13:00etan Arrasate 1936. Emakumea, gerra eta errepresioa eta 15:00etan Oinatz galduak.