Memoriaren Plazan "errealitate edo testigantza" batzuk falta direla dio Arrasateko Sortuk

Josu Bilbao Atxutegi 2016ko aza. 30a, 10:11

Memoriaren Plaza Arrasaten.

Memoria Plazan, "Arrasateko hainbat gertakari eta horien ondorioz sufritu duten hainbat pertsona ez direla aitortuak izan" dio Arrasateko Sortuk: "5 hildako, torturatuak, eta astero errepidean ehunka kilometro egin behar izaten dituzten pertsonak falta dira".

Arrasateko Sorturen irakurketa Memoriaren Plaza dela eta:

Astebetez egongo da Arrasaten Eusko Jaurlaritzako Gogora Institutuak sustatutako Memoriaren Plaza. Memoria ezberdinak jaso eta transmititzea helburu duen egitasmoa da honakoa, memoria ezberdinen elkarrizketa. Sustatzaileen esanetan, gertatutakoaren gainean gogoeta kritikoa eta autokritikoa egitea da asmoa. Eta Arrasateko Sortuk herri honetan egia, justizia eta erreparazioaren bidean urratsak eman behar direla pentsatzen du. Arrasatek eta oro har Euskal Herriak eta bere herritarrek bizi dugun gatazka politikoaren ondorio ezin latzagoak pairatu dituzte eta gaur egun ere pairatzen jarraitzen dute.

Gure asmoa ez da konparazioetan erortzea, ez dugu mailaketarik egin nahi, giza eskubideen alorrean gutxiespenetik eratortzen baitira giza eskubideen urraketak. Baina Arrasaten izango dugun Memoria Plazan, herri honetako hainbat gertakari eta horien ondorioz sufritu duten hainbat pertsona ez direla aitortuak izan adierazi nahi dugu. Oraingo honetan ez gara ahanztura edota aitorpen ezaren inguruan gure irakurketa egiten hasiko, hautsak harrotzeak eskatzen den begirada kritiko eta autokritikoa lausotzea besterik ekarriko ez baitu.

Guk ere Arrasateko Herriko Plazara falta bota ditugun gatazkaren aurpegi eta ahotsak ekarri nahi ditugu, atzera begiratuz. Amnesiari ateak itxi, eta ahotsik izango ez duten errealitateei leihoak zabaldu nahi dizkiegu, orainari erreparatuz, etorkizun hobe bat eraikitzeko asmoz.

Lehenik eta behin, memoriaren txosten ofizialetatik at geratu diren hildako arrasatearrak. 5 pertsona dira euskal gatazkaren ondorioz bizia galdu zutenak, eta ofizialki gogoratu eta aitortuak izan ez direnak. Istripuz hil edota ikertuak izan ez diren pertsona edota taldeek erailak izan ziren arrasatearrak. Giza eskubideak, familia eta lagunak zituzten pertsonak. Entzuten ez ditugun testigantzen parte direnak, eta memoria egiteko eskubidea eta beharra ere badutenak.

Bestetik, torturatuak ere gogora ekarri nahi ditugu. Torturaren existentzia sistematikoki zalantzan jartzen duenik badago, beste aldera begiratu eta begiratzen duenik ere. Baina, gustatu edo ez, Memoriaren Plazan parte hartuko duen Paco Etxeberria auzi mediku eta antropologo aski ezagunak zuzendutako “Tortura 1960-2013” txostenean esate baterako, 4009 tortura kasu identifikatu dira Euskal Herrian. Guztiak indar polizial ezberdinek (Guardia Zibila, Polizia Nazionala, Ertzaintza … ) urratutako giza eskubide kasuak dira, fisikoki eta psikologikoki zaurituak, zapalduak, izan diren pertsonak. Eta aurretik aipatu bezala, konparazioak alde batera utzita, tortura eta bere ondorioak oso larriak dira. Are gehiago, Estatu baten legeak betetzen direla bermatzeko ustez lan egiten duten pertsona eta estamentuek agindu, baimendu, bideratu, exekutatu edota ezikusiarena egiten dutenean. Eta Arrasate ere ez da izurrite horretatik salbu egon. Hamarnaka dira torturatuak izan diren arrasatearrak. Ez al dira hauek ere biktimak? Ez al dute leku bat merezi Memoriaren Plazan?

Badaude ere, beste ikuspegi batetik euskal gatazkaren alde gordinena pairatzen duten gizon-emakume ugari. Sufrimendua beste era batera jasaten duten euskal herritarrak. Astero-astero errepidean ehunka kilometro egin behar izaten dituzten pertsonak. Bere legeak betetzen ez dituzten Estatuek bakarrik sortu dezaketen errealitate anker baten, dispertsioaren, biktima zuzenak. Euskal preso politikoen senide eta lagunez ari gara. Ordubetera ere iristen ez den bisita edukitzeko ehunka kilometro egin behar izaten dituzte astero, horrek dakartzan arrisku eta ondorio fisiko, psikologiko, eta zergatik ez, ekonomikoekin. Honen adibide garbia dira, sakabanaketa politikak Euskal Herrian erail dituen 16 senideak. Arrasaten bada errealitate hau pairatzen duenik ere. Ikustea besterik ez dago gaur egun preso dauden 7 pertsonen senitarteko eta lagunek hauek ikusteko egin behar izaten dituzten kilometro kopurua. Bataz bestekoa aterata, preso bakoitza bere herritik 831 kilometrotara dago. Eta noski bisitan doan senide edo lagunak distantzia horren bikoitza egin behar izaten du astero. Nor ausartzen da hau ere sufrimendua dela ukatzera? Ez al da ordua pertsona hauen giza eskubideak onartu, aitortu eta errespetatzeko? Gure memoria partekatuan, gure begirada kritiko eta autokritikoan, errealitate honi tarte bat egiteko aukera badugu, ezta?

Hamarkadatan zehar bizitzen ari garen Euskal Herriko gatazka politiko honen baitan, bestelako egoera, ondorio eta kalteak sufritu dituzten pertsonak ere egongo dira, eta gu ere hankamotz geratu gaitezke memoria egiteko ariketa honetan. Baina nabarmenak iruditzen zaizkigun eta aipatu bezala, onartuak, aitortuak, azaleratuak eta transmitituak izan behar diren errealitateak plazaratzea ezinbestekoa dela uste dugu.

Gauzak honela, guk ere arrasatearrak Memoria Plazan parte hartzera animatu nahi ditugu. Bertan ikusi edo entzun dezaketenagatik, baina baita egin dezaketen ekarpenagatik ere. Aipatu bezala, memoriaren ariketa honetan falta diren errealitate edota testigantzak ezinbestekoak iruditzen zaizkigu. Gune batzuetatik aitortuak ez direnak, ahaztuak izan direnak. Kasu honetan ere, herriak eta herritarrek bermatuko dute errealitatetik gertuago egongo den memoria osoago bat osatzea. Benetako ahots guztien elkarrizketa izango dena, gatazkaren ertz guztiak onartu, aitortu, gogoratu eta transmitituko dituena, gertatutakoa ez errepikatzeko berme gisa balioko duen.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak