Otsailean martxan jarri zenetik, Memoriaren Plaza erakusketak zortzigarren geldialdia egingo du Arrasaten azaroaren 28tik abenduaren 4ra. Herriko Plazan jarriko den karpan, besteak beste, Arrasateko bi biktimen testigantzak zuzenean entzun ahal izango dira; Olatz Etxaberenak eta Sandra Carrascorenak, hain zuzen.
Askotariko biktimak
Memoriaren Plazaren karpak gune ezberdinak izango ditu. Biktimen esparruan, espazio baten egongo dira terrorismoaren biktimak direnak, hau da, talde armatu ezberdinek eragin dituzten biktimak; bigarren espazio baten egongo dira legez kanpoko indarkeria polizialaren barruan orain arte errekonozitu diren biktimak; eta hirugarren gune baten memoria historikoa lantzen duten elkarte ezberdinek jasotako testigantzak entzun ahal izango dira.
Erakusketaren helburu nagusietako bat herritarren parte-hartzea sustatzea denez, testigantzak grabatzeko edota Gogora Institutuari idatziz helarazteko aukera ere egongo da.
Testigantzak zuzenean
Karpak beste espazio bat izango du hitzaldietarako eta tailerretarako. Izan ere, goizetan 16 eta 18 urte bitarteko ikasleekin tailerrak egingo dituzte, bereziki biktimen testigantzekin. Egitarauari erreparatuz, nabarmentzekoa da abenduaren 1eko hitzaldia. Saio horretan Arrasateko bi biktima izango dira gonbidatuak; batetik, Batallon Vasco Español erakundeak eraildako Iñaki Etxaberen alaba, Olatz Etxabe. Eta, bestetik, ETAk eraildako Isaias Carrascoren alaba, Sandra Carrasco. Biktima horien jarrera txalotu dute antolatzaileek.
Karpak hartuko duen beste ekitaldi esanguratsu bat izango dira azaroaren 29ko hitzaldiak. Aranzadi elkarteko presidente Paco Etxeberriak eta Intxorta 1937 Kultur Elkarteko kide batek hitzaldi bana eskainiko dute.