Sandra Carrascok eta Olatz Etxabek Memoriaren Plazan partekatuko dituzte testigantzak

Eneko Azkarate 2016ko aza. 18a, 08:41

Memoriaren Plaza Arrasaten jarriko dute azaroaren 28tik abenduaren 4ra bitartean, aste osoan. Eusko Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusitik sortutako Gogora Institutuaren bidez helduko da Debagoienera, Arrasateko Udalarekin elkarlanean.

Arrasatekoa zortzigarren geldialdia izango da. Aurretik, Bilbo, Durango, Tolosa, Eibar, Gasteiz, Donostia eta, berriki, urrian, Zarautzen egon da. Guztietan parte handia izan da Gogora Institututik diotenez.

Udaletxeko plazan karpa bat jarriko dute eta bertan antolatuko dira hainbat hitzaldi eta mahai-inguru, frankismoaren eta terrorismoaren biktimak protagonista izango dituena. Era berean, hainbat dokumental eskainiko dituzte, eskualdeko eskolekin tailerrak antolatuko dituzte eta gaiaren gaineko testigantzak ikus-entzun edo emateko guneak izango dira karpan bertan, "herritarrek esperientziak edo emozioak partekatzeko" Gogora Institutuko zuzendari Aintzane Ezenarrok dioenez.

Bizipenak eta emozioak partekatu

Nahi duen herritarrak bere lekukotza eman, bizipenak adierazi edota emozioak partekatu ahalko ditu eta, aldi berean, orain arte Gogorak bildutako memoriaren hamaika aurpegiak, biktimen memoria eta herritarren memoria bistaratzeko gunea izango da Memoriaren Plaza.

Erakusketa zabalik izango da egunero, 09:00etatik 20:00etara; 14:00etatik 15:00etara itxi egingo dute.

Honako gune hauek izango ditu Memoriaren Plaza erakusketak:

  • Lekukotzak grabatzeko eremua: erakusketara bertaratzen diren herritarrek beren memoria-lekukotza bertatik bertara grabatzeko aukera izango dute.
  • Lekukotzen bideoak: frankismoaren biktimen, terrorismoaren biktimen eta 107/2012 Dekretuaren babespeko biktimen memorien lekukotzak entzun ahal izango dituzte.
  • Proiekzio eta debate eremua: bi dokumental proiektatuko dira eta mahai-inguruak eta talde dinamikak antolatuko dira.
  • Mezuen horma-irudia: bertaratzen direnek aukera izango dute beren mezua idazteko horma-irudi batean zein kutxa batean, Gogora Institutuan gorde eta Memoria Plaza webgunean argitaratzeko.

Hiru ekitaldi

Arrasaten hiru ekitaldi nagusi antolatuko dituzte Memoriaren Plazan:

  • Lehena, erakusketaren hasiera ekitaldia izango da, azaroaren 28an, astelehena, 18:00etan. Bertan izango dira, besteak beste, Aintzane Ezenarro Gogora Institutuko zuzendaria eta Maria Ubarretxena Arrasateko alkatea.
  • Horretaz gain, azaroaren 29an, 19:00etan, izango dira beste hitzaldi bi: batetik, memoria historikoaren gainekoa, Paco Etxeberria Aranzadi Zientzia Elkarteko presidente eta auzi medikuaren eskutik eta, bestetik, Arrasateko memoria historikoaren gainekoa, Intxorta 1937 Kultura Elkartearen eskutik.
  • Azkenik, abenduaren 1ean, 18:00etan, Aintzane Ezenarrok mahaiaren bueltan batuko ditu Arrasateko biktima bi, mahai-ingururako: Sandra Carrasco, ETAk hil zuen Isaias Carrascoren alaba, eta Olatz Etxabe Kanpantzarren hil zuten Iñaki Etxaberen alaba. Batallon Vasco Español erakundeak bere gain hartu zuen ekintza hura. Lehen aldiz izango da biak norbere herrian, plazan, jendaurrean, beren testigantzak ematen eta batera, elkarren ondoan, egingo dute. "Asko eskertu nahi dut Sandrak eta Olatzek egin duten ahalegina, oso eskuzabalak izan dira" dio Ezenarrok.

Adostasun politikoa

Gogora Institutuko zuzendariak nabarmentzen du erakusketak adostasun politiko handia lortu duela. Arrasaten ere, esaterako, udalbatzan ordezkatuta dauden alderdi guztiak izango dira hasiera ekitaldian. "Gatazkan eta eztabaidan sakondu beharrean, biktimen eta gatazkaren alde gizatiarra, gertukoa, ematen da testigantzetan sakonduz, betiere ikuspegi pertsonaletik" dio Aintzane Ezenarrok. Testigantzak modu gertuko eta erakargarrian jaso eta eman daitezkeela ere nabarmendu du.

Dokumentalak

Horretaz gain, gaiarekin lotutako hiru dokumental emango dira:

  • El valor de la autocritica, Karmelo Vivancok zuzenduta, ETA, Brigada Gorriak, IRA eta UVK-ko kideen testigantzak jasotzen ditu. Bere garaian talde armatuetako kide izan eta gerora disidente bihurtutako pertsonen kontakizuna jasotzen da.Dokumental hau astelehenetik ostiralera, 17:00etan emango da, egunero.
  • Bestetik, Intxorta 1937 elkartearen Arrasate 1936. Emakumea, gerra eta errepresioa ere ikusteko aukera izango da. "Espainiako Bigarren Errepublikaren etorkizun justuago baten ametsa, gerraren gau iluna eta ondorengo diktadura bizi, sentitu eta pairatu zuten emakumeen ahotan, jasan behar izan zuten izuaren gordina" ikusarazten da erreportajean. Dokumental hau zapatuan eta domekan ikus ahal izango da 13:00etan.
  • Hirugarren lana Oinatz galduak da. Fermin Aiok zuzenduta, 5 ataletan eman dute ETBn. 1960tik bizi izandako terrorismo eta biolentzia, modu kritikoan oroitzea da dokumental-sail honen asmoa. Dokumental hau zapatuan eta domekan ikus ahal izango da 15:00etan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak