Paco Etxeberriaren hitzaldiaren izenburua honakoa da: Hobiak desehortziz, duintasunak berreskuratuz. Espainiako gerran eta gerra ostean tropa frankistek fusilatu eta bide bazterretan lurreratu zituzten haien gorpuak desehortziz egiten diharduen lanaren gainean jardungo du. Paco Etxeberria ezagun egin zen Alacanteko Busot herrian 1985 urtean halabeharrez aurkitutako gorpuzkiak Joxean Lasa eta Joxi Zabalaren gorpuak zirela frogatu zuelako 1995ean.
Harrezkero, urteak daramatza, besteak beste, memoria historikoa berreskuratzeko hainbat erakunde eta talderekin lanean, baita Intxorta 1937 Kultur Elkartearekin ere. Aranzadi Zientzia Elkarteko lehendakaria, auzitako mediku prestigiotsuenetakoa da. Gaur egun, igandero ikus dezakegu ETBn, El lector de huesos saioan.
Intxorta 1937 Kultur Elkarteak, berriz, urteak daramatza Arrasateko eta Debagoieneko memoria historikoa berreskuratzeko lanean. Hainbat liburu eta ikus-entzunezko egin ditu eta baita erakusketak, errekreazioak eta abar, besteak beste, Julia Monge eta Juan Ramon Garai nekaezinen lanari esker. Biak ala biak ariko dira hizlari gaur Memoriaren Plazan, Arrasateko memoria historikoa gai hartuta.
Hitzaldia 19:00etan hasiko da.