Portaloian egin zuten hitzordua, eta bertan agertu zen Ilargitxo, gaua eta neguaren iritsiera irudikatzen duen pertsonaia nagusia. Ilargitxorekin batera, neska-mutikoek kalejira egin zuten herriko plazaraino, eta bertan guztiendako ipuin sorta eta jokoak izan zituzten.
Lehenengo, Lander Juaristi ipuin kontalariak ipuin kontaketa mitologikoa egin zuen, gure arbasoen hainbat istorio kontatuz. Haur eta gurasoek arretaz entzun zituzten ipuin kontalari arrasatearraren istorioak.
Ipuin konketaren ostean, ludoteketan arrakasta izaten ari den Su karta partida erraldoia egin zuten. Jolas horretan, gazteak taldeka batu ziren, eta Mari, Galtzagorri eta Mateo txistu bezalako pertsonaia mitologikoei bizitza eman zieten.
Gazteak Su karta partidarekin dibertitzen ari ziren bitartean, txikienak, berriz, betiko jolasetan ibili ziren. Eguraldia lagun izan ez zuten arren, Txatxilipurdiko arduradunak pozik azaldu ziren haurrek izan zuten erantzunarekin, eta hauek kalean izaten duten garrantzia aldarrikatu zuten.