'Mami Lebrun': publikoarekin konektatzen duen antzezlana

Bizitzaren parte den heriotza saihestezinaz jarduten da Mami Lebrun obra, iragana gogoratu eta oraina eta etorkizunaren inguruan gogoeta eginaz. Bakarrik gelditzearen beldurra edota tristurari buruz hausnartzeko bidea zabaltzen du. Hala ere, hori guztia umorearekin eta musikaren laguntzarekin, ikus-entzulea hasieratik harrapatzen duen antzezlana da.

Amaia antzokiko ikus-entzuleak 1941. urteko Parisko udazkenera eraman ditu Mami Lebrun antzezlanak. Egoitzen papera egiten duen Kepa Errasti eta Ane Pikazak bizia ematen dion Miren neska-laguna, duela bi hilabete hil zen Egoitzen Kontxa amonari omenaldia prestatzen ari dira, eta ganbaran aurkitzen dute amonak Parisko kabaret batean bizitakoen berri.

Antzezlanean, denboran aurrera eta atzera egiten dute etengabe protagonistek maisuki; taula gainean arropak aldatuaz, beste pertsonai batzuei bizia emanaz edota kantuen bitartez, eta hala amonaren Parisko kabareteko bizimoduaren pasartea kontatzen dute. Ainara Ortega aktoreak kantuan egiten dituen parte-hartzeek ere ikus-entzulea istorioan murgiltzen dute hasieratik.

Parisko mundu arrotzean babestuta sentitzen den amonaren gaztetako maitasun istorio bat ere kontatzen da antzezlanean, baina Egoitzek Mireni kontatu ez dion sekretu bat ere badauka.

Amona gogoan

Kepa Errasti aktore aretxabaletarrak bere amona hil ostean idatzitako obra da Mami Lebrun. Eta ikus-entzuleak antzezlanaren une askotan protagonistekin identifikatuta sentitzea lortzen du.

Ikus-entzuleak gustura

Emanaldia amaitu ostean, ikus-entzuleek antzezlan "zoragarria" izan dela esan dute. Euskalkiekin egin duten jokoa "ausarta" dela esan du beste batek gaineratuaz "hernaniar bat aretxabaletarrez hizketan entzutea oso polita" izan dela.

Hurrengo emanaldiak

Maiatzean estreinatu zuten Tolosan Xake produkzioak konpainiaren lehen obra den Mami Lebrun eta Arrasateko Amaia antzokian egin dute bigarren estreinaldia. Debagoienean, Aretxabaletan izango dira emanaldiarekin abenduaren 30ean, baina aurretik beste hainbat data ere badituzte: azaroaren 4an Zornotzan, azaroaren 11n Azpeitian, azaroaren 17an Hernanin, hurrengo egunean Zarautzen, abenduaren 1ean eta 2an Gasteizen, eta abenduaren 4an Durangon.

Erlazionatuak

Guztia prest 'Mami Lebrun' antzezlanerako

Arrasate

Kepa Errasti aktore aretxabaltarraren Mami Lebrun euskarazko antzezlana ikusi ahal izango da domekan Amaia antzokian 19:30ean eta aktoreak obraren ...
"Amona hil zitzaidanean idatzi nuen istorioa"

Arrasate

Udazkenean geldirik egon ostean, Xake Produkzioen lehenengo lana bueltan da. Kepa Errasti aretxabaletarra ekoiztetxe horretako sortzaileetako bat d...