"Amona hil zitzaidanean idatzi nuen istorioa"

Ibon Carmona 2016ko urr. 29a, 12:00
Kepa Errasti antzezlanean parte hartzen duen Ane Pikazarekin batera.

Udazkenean geldirik egon ostean, Xake Produkzioen lehenengo lana bueltan da. Kepa Errasti aretxabaletarra ekoiztetxe horretako sortzaileetako bat da, eta obra honetan kargu ezberdinak betetzen ditu; bera da egilea, eta horrez gain, antzezlaneko protagonista ere bada. 

Zer kontatzen da Mami Lebrun-en? 

Bikote bat mutilaren ama hilberriari omenaldi bat prestatzen dabilela kontatzen da istorioan. Omenaldian, duela gutxi jakin duten amonaren gaineko pasarte bat irudikatuko dute, eta bikoteak amonaren istorioak nola errekreatzen dituen ikusiko dute ikusleek.

Mutila zu zarela suposa dezakegu, baina nor da zure bikotekidea? 

Ane Pikaza bilbotarrak egiten du paper hori. Berarekin batera, Ainara Ortegak osatzen du antzezle-zerrenda. Hiru aktore gara, baina, Aneren eta bion kasuan, bi rolekin jokatuko dugu, omenaldia egiten den bitartean beste pertsonaia batzuk antzezten ditugu eta.

Fikziozko istorio bat den arren, zuretzat baditu detaile pertsonalak. 

Antzerki hau sortzeko nahia aspaldi etorri zitzaidan, istorio baterako amaiera konkretu bat otu zitzaidanean. Amaiera hori ez nekien zein istoriorekin lotu nezakeen, baina gertakari ezberdinek ideia argitu zidaten. Gertakari horietako bat nire amonaren heriotza izan zen. Heriotza hark emozionalki hunkitu ninduen.

Zer sentzazio eragingo du obrak ikuslearengan?

Denetariko momentuak daude; barre egitekoak, hunkitzekoak, eta abar. Jendeak ikuserraza den obra bat bezala definitu du; izan ere, gauza asko gertatzen dira, eta horrek istorioa azkar pasatzea eragiten du.

Xake Produkzioen lehenengo lana da. Xabier Ormazabalekin batera sortu duzun ekoiztetxea da hori.   

Testu hau idazteko eta ekoizteko diru laguntza ezberdinak jaso nituen. Egoera horren aurrean, eta etorkizunean beste proiektu batzuk sortzeko aukera zegoela ikusita, Xabik eta biok konpainia bat sortzea erabaki genuen. Era horretan, modu babestuagoan egiten diogu aurre birari. 

Nola ari da funtzionatzen?

Oraingoz, ongi. Mami Lebrun-ekin egin dugu estreinaldia, baina badaude buruan dauzkagun beste hainbat istorio.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak