Laubideko aparkalekuen auzian, 2008an itxi eta orduan hasitako prozesu judizial korapilatsua desblokeatzea lortu du Gobernuak, Alkatetzatik zuzenean jorratu den gaian. Hartzekodunen lehiaketa 2014ko urrian sortu zen eta gobernu berriak lehentasunen artean jarri zuen egoera hori desblokeatzearena.
Horretarako, administratzaileekin, bankuarekin eta Gespark enpresa inplikatuarekin batzartu ostean prozesu bat abiatu zuten bankua estutu eta akordio bat hartzera behartzeko. Epaileak, Maria Ubarretxena alkatearen arabera, argi berdea eman dio Udalaren eta Murias enpresaren arteko akordioari.
Murias enpresarekin elkarlana
Honako hau ere gaineratu zuen alkateak: "Horrelako aparkaleku bat izanda eta itxita egotea ez zen bidezkoa eta badakigu herritarrek ez zutela ulertzen. Irekitzeko ahalegina egin genuen eta lortu da. Kostatu da, baina lortu da. Orain, Murias enpresarekin jarriko gara elkarlanean; hala ere, esan dezakegu interes bat ikusi diogula promozio bereziak abiatzeko jakitun direlako Arrasate ez dela Donostia edo Zarautz. Arrasate beste herri mota bat da eta horregatik parkingaren prezioak eta egiten diren kanpainak beste modu batekoak izan behar dira. Ea gai garen Muriasekin akordioetara heltzeko eta horrenbestez herritarrei zerbitzu on bat emango diezaiokeen parking bat izateko".
EH Bilduri erantzuna: Xabier Zubizarretan 2003an sinatu zuen akta
Gainera, atzoko osoko bilkuran sorpresa eman zuen EAJko bozeramaile Anuska Ezkurrak 2003ko martxoaren 27ko osoko bilkurako akta bat mahai gainera ekarri zuenean. Akta horretan jasotzen da, Ezkurrak adierazi zuen bezala eta hedabideek baieztatu ahal zuten moduan, Xabier Zubizarreta alkate zenean onartu zela Laubideko aparkalekuen eraikuntza eta ustiapena esleitzea eta 50 urterako kontzesioa ematea. Eta Ezkurrak, aktan oinarrituz, gogora ekarri zuen EAJk "makro-proiektu" horren aurka bozkatu zuela garai hartan.
Era honetara, Arrasateko EAJk aurre egin nahi izan zion EH Bilduk berriki gai honen harira egin dizkion kritikei. Izan ere, Arrasateko EH Bilduk Ignacio Lakuntzari, 2003ko ekainetik 2007ko ekainera arte Arrasateko alkate (EAJ) izan zenari, leporatu zion Laubideko aparkalekuak azkeneko urteetan bizi izan duen egoera. "2003-2007 legealdian Ignacio Lakuntzak zuzentzen zuen gobernuak hartutako erabaki oker baten ondorioa izan da urteotako egoera hau", adierazi zuen urriaren 5ean Arrasateko EH Bilduk.
Arrasateko EAJk baieztapen horri erantzun nahi izan zion Anuska Ezkurraren bitartez osoko bilkuran, udalbatzaren aurrean, Lakuntza alkate izan aurreko, hain justu ere Xabier Zubizarretaren agintaldiko (Euskal Herritarrok), erabaki baten berri emanez.
Tarifak
Akordio horretan jasotzen denez honako hauek izango lirateke ustiatze tarifak.
1.- Tarifa arrunta: 0,036 euro / minutuko (orduaren prezioa gehienez 1,20 eurotan zehaztu dute)
2.- Tarifa bereziak:
a) Hileko alokairua, egunekoa eta berriztagarria (08:30-20:30, astelehenetik zapatura arte): 67,82 euro
b) Hileko alokairua, gauekoa eta berriztagarria (20:30-8:30, astelehenetik zapatura arte): 51,62 euro
c) Asteko ordainketa (24 ordu): 42,62 euro
d) Hileko abonua, berriztagarria (24 ordukoa): 105,04 euro