2017rako ordenantza fiskaletan, %2ko igoera orokorra

Jokin Bereziartua Lizarazu 2016ko urr. 26a, 15:21

Datorren urterako zergetan eta tasetan %2ko igoera orokorra izan arren Udal Gobernuak adierazi du herritarrek ez dutela larregi igarriko, presio fiskalik handiena suposatzen dutenak ez dituztelako igoko. Atzoko osoko bilkuran, EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin (11), Baleikeren kontrakoekin (2) eta EH Bilduren zein Irabaziren abstentzioarekin (7) aurrera egin zuen proposamenak.

Arrasatearrek datorren urtean ordaindu beharreko zergek eta tasek %2ko igoera orokorra izango dute. Hori bai, herritarrek gehien igarri ohi dituztenetako batzuk ez dira igoko, hala nola, zaborraren, obren, ibilgailuen eta kiroldegiko tasak. Hala ere, herritarrek igarriko duten igoeretako bat izango da uraren tasarena, %1 igoko delako. Gainerako zergak eta tasak %2 igoko dira.

Ubarretxena: "Egoerak behartu gaitu igoera aplikatzera"

Izan ere, Arrasateko Udalaren diru-sarrerak espero baino txikiagoak izan dira aurten. "Foru Aldundiak egindako balio katastralak eragin zuzena izan du guregan eta diru-bilketa ere txikiagoa izango da krisiaren egoeragatik-eta; Udalak zerbitzu onak eman ditzan diru-sarrerak behar ditu eta egoera honek behartu gaitu gainerako zergetan %2ko igoera aplikatzera", adierazi zuen Maria Ubarretxena alkateak.

Ubarretxenak gaineratu zuen arrasatearrek ez dutela igoera larregi igarriko zerga potoloenetan ez delako aldaketarik emango. Gainera, igoera horien eragina arintze aldera eta herritarrek jasaten duten presio fiskala baretzeko hobari berriak sortu ditu eta beste zenbait hobaritan aldaketak egin dira.

Horrez gain, gobernuak gai horretan eman den elkarlana txalotu zuen: "Ordenantza fiskalen gaiak garrantzia du herritarrengan eragin zuzena dutelako, hori dela eta, elkarlanean eta akordioetara iristeko borondatearekin landu dira lau hilabetez, zenbait puntutan desadostasunak izan baditugu ere".

Urizar: "Igoeraren ondorioak ez die axola"

Gobernuaren proposamenaren aurka bozkatu zuen talde bakarra izan zen Baleike. Justizia sozialean oinarrituko den fiskalitate progresistago bat eskatu zuten, gobernu taldeko honekin akordioetara iristea zaila dela esatearekin batera."Gobernuaren ereduan sinistu ez arren, ahalegindu gara igoeraren ondorioak murrizten baina gobernu talde honekin ez dago akordio askotara heltzerik. Gure ustez, islatzen du Udal Gobernuak hiruko erregela hartu eta %2ko igoera aplikatu diela kolektibo guztiei berdin-berdin; inprobisazioa eta igoeraren eraginak ez zaiela axola erakusten du horrek", esan zuen Baleikeko Igor Urizarrek.

EH Bildu: "Ez genuke %2ko igoera planteatuko"

Gobernuaren proposamenaren aurrean abstenitu egin ziren EH Bildu eta Irabazi. Koalizio ezkertiar eta abertzaleak dio zorionez gobernuak euren proposamenetako batzuk onartu dituela. "Kamioei tasa igotzea, familia ugarietan zein auzo-konposten kasuetan hobekuntzak planteatu ditugu, irabazi asmorik gabeko elkarteei kalean ekimenak egiteko hobekuntzak proposatu ditugu eta horiek kontuan hartu dira. Horregatik abstenitu gara. Era berean, baina, ez dira gure ordenantzak; guk ez genuke %2ko igoera bat planteatuko", azaldu zuen Eneko Barberenak.

Barberenak gogora ekarri zuen Diputazioak egindako aurreikuspen txarren ondorio dela Udalaren diru galera eta ez zaie bidezkoa iruditzen galera hori arrasatearrei inputatzea. Debagoieneko zerga eta tasa altuenetakoak Arrasatekoak direla ere adierazi zuen Barberenak.

Irabazi: "Oinarrizko zerbitzuak bermatu behar dira"

Era berean, Irabazi abstenitu egin zen. Aurkeztu zituzten hamar proposamenetatik gobernuak bost onartu dituela dio Juan Luis Merinok. Horrekin batera, argi utzi nahi izan du ordenantza fiskalak lantzeko orduan zeintzuk diren Irabaziren helburuak: "Gure nahia ez da jakitea nork igotzen edo jaisten dituen zergak. Guk nahi duguna da oinarrizko zerbitzu publikoak bermatzea eta horretarako beharrezkoa da guztion ekarpena; gehien dutenek gehiago ordain dezatela eta gutxien dutenek gutxiago".

 

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak