Udaleko Obrak, Zerbitzuak, Mantenua eta Auzoak batzordeak eman du Gipuzkoa etorbiderako (Elma) hormarendako irudi aukeratuaren berri.
Udalak irekitako parte-hartze prozesuan 261 boto jaso dira –173 webgunean eta 88 BAZen–; horietatik 115 boto jaso ditu Atzerantz begirada-k, 60 Basoa-k, 41 Arrasateko historia-k, 32 Monumentu-k eta 13 Udazkeneko basoa-k.
Bilboko Wallart Mural Painting enpresaren ardura izango da horma-irudi berria egitea. "Garbiketa lanak amaitzear dituzte eta onddoak kentzeko tratamendua ere emango diote paretari. Zuriz margotuko dute lehendabizi eta gero gainetik irudi berria marraztu. Eguraldiak laguntzen badu hiru edo lau aste beharko dira lanak amaitzeko. Azkar bukatu baino gehiago, garrantzitsuena da horma behar den moduan gelditzea", adierazi du Oscar Garciak.
Muralart elkartea etorkizunerako
Mural bat egingo zela jakiterakoan Arrasateko muralistek osatzen duten Muralart taldeak beste bost proposamen jarri zituen mahai gainean. Udal Gobernuak lanak lehiaketa publiko bidez esleitu dituenez, ezin izan dizkio hauek Muralarti esleitu, elkarteak ez duelako izaera juridikorik.
Hala ere, aurkeztutako proposamenen ikusgarritasuna eta kalitatea ikusirik, Udal Gobernuak eta muralistak bilera egin zuten. Bertan muralista elkarteko kide batek Erlojuaren eraikina margotzeko eskaria egin zien, eta Udal Gobernuak begi onez ikusi zuen. Aproposa iruditu zitzaien hainbat kultur talde eta euskaltegia jasoko dituen eraikinean, herriko beste artista talde baten lanak balio gehigarria emango ziola argudiatuz.
Hala, abuztuan, Udalak, Erlojuaren Eraikinerako Klausula Teknikoen Agirian aldaketa bat egin zuen, eraikinaren horma-irudi baten diseinuaren ardura Arrasateko Udalak edukitzeko, eta era horretan, lan hori Muralart elkarteari emateko.