Takoloko biribilgunetik Uribarrira arteko zatia Diputaziotik Arrasateko Udalera izatera pasa zenean, Hirigintza Sailak hiru kilometro inguru dituen gune horri kale izaera emateko egitasmoa onartu zuen duela bi urte. Proiektua fase ezberdinetan gauzatzea onartu zen, eta iaz amaitu zen lehen fasea, Arrasate pasealekukoa, esku-hartzerik potoloena izan zena hain zuzen
Errepideari kale izaera eman
Orain, bigarren faseko lanak ari dira gauzatzen, Alfontso VIII. kalekoak. Besteak beste, errepidea estutu egingo dute, espaloiak zabaldu eta aparkaleku gutxi batzuk gehitu. Gainera, Herri Eskolaren ondoan behar den moduko autobus geltoki bat egokitzea ere aurreikusten du proiektuak. Sasoi eraikuntzak enpresa ari da lanean uztailaren 12az geroztik, ia 376.000 euroko aurrekontuarekin.
Zirkulazioaren desbideraketa San Andrestik
Logikoa denez, obrek irauten duten bitartean aldaketak izango dira autoen zirkulazioan. Hau da, azarora bitartean, Foruenetik Takolorako norabideak erabilgarri izaten jarraituko du; baina, alderantziz, Takolotik Foruenerako norabidean doazen ibilgailuentzat, trafikoa desbideratzen ari dira San Andres auzo barrutik.