Arrasateko atletismoak nekez ezagutuko du horren harrobi emankorra. Azken asteburuan, Jonathan Perez, Malen Ruiz de Azua, Eneko Carrascal eta Istar Dapena aritu dira lehiatzen eta laurek ekarri dute dominaren bat. Toledon, Mataron eta Elx-en egon dira Arrasateko atletak asteburuan, gazte, promes eta beterano mailetako Espainiako txapelketak jokatzen.
Carrascalek bi urrezko
Mataron gazte mailako txapelketak jokatu ziren. Eneko Carrascalek urrezko bi domina ekarri ditu handik, luzera-jauzian 7,13 metroko saltoa egin ostean eta jauzi hirukoitzean 14,94 metroko marka eginda.
Uztailaren 14tik 17ra Europako txapelketan hartuko du parte Carrascalek gazte mailan eta bere betiko entrenatzailearekin joango denez, hobetu prestatu ahalko du zita garrantzitsua. Ibilbide oparoa du aurretik atleta gazteak.
Ruiz de Azua, Gijonera begira
Bestalde, Malen Ruiz de Azuak Toledon lehiatu zuen, promes mailan eta 4,20 metroko jauzia nahikoa izan zitzaion podiumeko leku gorenera igotzeko.
Ruiz de Azuak hilabete barru Gijonen jokatuko du Espainiako txapelketa maila absolutuan. Marka pertsonala hobetzea eta podiumera igotzea izango dira bere helburuak, baina badaki zaila egongo dela. Naroa Agirre izango da faborito nagusia.
Perez 2018ra arte?
Ruiz de Azuaren entrenatzaile Jonathan Perezek beterano mailako txapelketa jokatu zuen, Elx-en. Perezek ere urrezko domina ekarri zuen, adinean aurrera egin arren oso sasoitsu dagoela berretsiz. 2018ra arte lehiatzen jarraitzea espero du, gainera.
Urrezko hiru domina horiez gain, Istar Dapenak ere brontzezko domina ekarri du Toledotik. 5 metro eta zentimetro bateko saltoa egin zuen Dapenak.