San Juan jaiei hasiera emateko pregoia azken urteetan bezala, txosnetan irakurri da eta txosna batzordeak hala erabakita, garbiketa ordenantzaren aurkako plataformek izan dute horren ardura. Suziria jaurti ostean, giro beroarekin abiatu dira 2016ko sanjuanak. Txupina ikusten izan diren herritarrak gogoz zeuden dagoeneko jaietan murgiltzeko.
Gau magikoa
Gaur, eguena, izango da jaietako gaurik bereziena Arrasaten. Aurretik, baina, ohi moduan, makala jasoko da Herriko Plazan eta Salve Solemnea entzuteko aukera ere izango da San Juan Batailatzailearen parrokian. Gauean ohiko ekitaldiek osatuko dute egitaraua: Errementari Dantza, san juan sua eta danborrada egingo dira, eta aurten gainera, horiek pantaila erraldoi baten bitartez jarraitu ahal izango dituzte herritarrek. Izan ere, Arrasateko Udaletik esplikatu dute iazko sanjuanetan hainbat herritar joan zirela esaten plazako ikuskizunak ikusteko arazoak zeudela eta herritarrek eskatuta, pantaila jartzea erabaki dute. Horren ardura Goiena Komunikazio Taldeak izango du eta 5x3 metroko tamaina duen pantaila izango da.
Ondorengo egunak
Bihar, San Juan egunez, urteroko ekitaldi tradizionalen artean, Arrasate Musikalekoek kontzertua eskainiko dute eta Herriko plazan Dragoi-jana ere egingo da, AEDk antolatuta.
Zapatuan izango da Haur eta Gaztetxoen Festa, eta egun horretan etorriko da Eguzkilaru Arrasatera. Ekitaldi jendetsuenen artean izango da, bestetik, Zeuk iñ zeuk jan bazkaria egun horretan; aurten 731 pertsonek eman dute izena eta horietatik 509 lagunek ziurtatuta dute lekua bazkarirako, baina 222 lagun erreserban geratu dira. Bazkari horrek duen arrakasta ikusirik, hainbat aukera aztertuko ditu Udalak hurrengo urtera begira, izan ere, txiki gelditu dira Portaloia eta Azoka Plaza.
Jaiei amaiera emateko, berriz, domekan fusioaren errege Raimundo Amador goreneko mailako gitarra-joleak eskainiko du kontzertua. Hala ere, oraindik festak eztanda besterik ez du egin eta egun asko daude aurretik festekin disfrutatzeko.