Eztabaida eragin du Aprendices eraikina Udalarena izatera pasatzeko prozesuak

Jokin Bereziartua Lizarazu 2016ko eka. 7a, 20:06

Arrasateko Udalak Aprendices eraikinaren jabetza eskuratzeko Jaurlaritzako SPRI erakundearekin hitzarmena sinatzeko proposamenak eztabaida eragin du ekaineko osoko bilkuran. Udal Gobernuaren aldeko botoekin (10) eta oposizioko gainerako taldeen abstentzioarekin (10) aurrera egin du.

Kulturola egitasmoak aurrera egiteko ezinbestekoa zen Aprendices eraikina Arrasateko Udalaren jabetzara pasatzea. Horregatik agintaldi hasieratik aritu da Udal Gobernua eraikin horren jabe zen SPRI erakundearekin negoziazioan. Permuta lortu dute; Udalak Aprendices bereganatu du eta SPRI Udalarena den Zalduspeko gunearen %35aren jabe izatera pasatu da.

"Beharrezkoa" Kulturola egitasmoarendako

Udal Gobernuaren agintaldi honetako proiektu izarra gauzatzeko bidean dago. Arrasaten kulturgune estrategiko bat sortzera datorren Kulturola egitasmorako, beharrezkoa zuen Udal Gobernuak SPRIrekin akordio batera heltzea Aprendices eraikinaren jabe egiteko. Truke edo permuta bat egin dute; Udalari kostatu zaio SPRIren interesekoa izan zitekeen gune bat aurkitzea, baina lortu dute. Zalduspeko gunearen %35aren jabe egingo da SPRI, gutxi gorabeher: "Oso albiste ona eta garrantzitsua da Arrasaterentzat, herriak beharrezkoa duen kultura gune bat sortzea ahalbidetuko duelako. Batetik, prozesua dago; azken urte honetan lan handia egin du gobernuak SPRIrekin akordio batera heltzeko. Eta bestetik, lorpena dago; kultura taldeentzat oraina eta etorkizuna bermatuko du eraikin horren birgaitzeak", adierazi du, besteak beste, EAJko bozeramaile Anuska Ezkurrak.

Udal Gobernuak "harriduraz" hartu du oposizioak proposamena babestu ez izana: "Herriarendako horren ona den ekimen batek, erabat despolitizatzen saiatu garena, horrenbeste oztopo jasan izanagatik harrituta gaude", adierazi du Maria Ubarretxena alkateak.

Oposizioa, prozesuaren aurka

Oposizioak ez zuen gobernuaren proposamena babestu; EH Bilduk, adibidez, argi utzi nahi izan zuen gaia oso garrantzitsua dela eurendako, baina gobernuaren formak kritikatu zituen: "Oso garrantzitsua da Arrasaten ekipamendu kulturalen gaineko eztabaida sano bat egitea; kulturaren alde gaude eta udal teknikarien lana babesten dugu, baina gobernuari eskatzen diogu lasaitasun gehiagorekin lantzeko gaia udaletxe barruan. Uste dugu gai honen inguruan adostasuna lortzea erraza zela, baina euren formengatik ez dute lortu oposizioko inor konbentzitzea", uste du Eneko Barberenak.

Baleike ere abstenitu egin zen. SPRIrekin hitzarmena apiril hasieratik sinatuta zegoela eta gardentasunik gabe egin dela salatu zuen Igor Urizarrek.

Jaengo zinegotzi baten aldeko mozioa

Bestalde, Irabazi taldeak Jaengo Andres Bodalo zinegotziaren egoera salatzeko aurkeztu zuen mozioak ere eztabaida piztu zuen, bereziki Irabaziko Juan Luis Merino eta Oscar Garcia bozeramaile sozialistaren artean. Berdinketa eman zen mozioaren aldeko eta kontrako botoetan, oposizioak alde eta gobernuak kontra bozkatu zuen-eta. Bigarren bozketan ere emaitza bera izanda, alkatearen kalitatezko botoak apurtu zuen berdinketa eta beraz, mozioak ez zuen aurrera egin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak