Legealdia hasi zenetik aritu dira akordioa itxi nahian, eta atzoko Hirigintza Batzordean eman zieten akordioaren berri gainontzeko alderdi politikoei.
SPRIrekin truke bat egitea izan da Udalaren asmoa, horrela Aprendices erosten aurrezten zuten dirua, eraikina birgaitzeko erabiltzeko.
Akordioara heltzeko, SPRIrentzat interesgarriak ziren Udal propietateak baloratzen aritu dira, eta Zalduspeko industriagunean ados jartzea lortu dute. Bertako %88a Udalaren jabegoa zenez, honen %35aren truke onartu du SPRIk Aprendices eraikina Udalari ematea. Baldintza batzuk ere jarri dituzte. Udalak bere gain hartu beharko ditu Zalduspeko partzelaren urbanizazio lanak, eta hauek zortzi urteko epean egiteko konpromisoa hartu dute.
Aprendices eraikina klabea da Udalaren Kulturola proiektu barruan, bertan ezarriko dituelako Goikobalu eta Arrasate Musikal elkarteentzako egoitzak. Eraikina bere horretan mantentzeko asmoa du Udalak.
Jada hamabi enpresa aurkeztu dira eraikina birgaitzeko proiekturako. Behin lanak esleituta, sei hilabete eta erdi izango ditu aukeratutako enpresak proiektu finala aurkezteko.