Abiatu da Kulturola ekimena, kultura gune berri bati begira

Arrasateko Udalak agintaldiko proiektu "estrategikotzat" jotzen du Kulturola, Zerrajerako Erlojuaren eraikina eta Aprendices kultura gune bihurtzeko ekimena. Lehen urratsak eman ditu, Udala, Bagara –prozesua dinamizatzen dihardu– eta 17 kultura taldeek atzo egin zuten-eta lehen bilera. "Agintaldi osoko proiekturik garrantzitsuenetarikoa izango da, garrantzitsuena ez bada", esan du Maria Ubarretxena alkateak. 

Udaleko ordezkariak herriko 17 kultura eragilerekin bildu ziren atzo Bagarak dinamizatutako Kulturola egitasmoaren lehen urratsak ezagutzeko. Udalak azaldu duenez, eragile horiek guztiek prozesu guztian zehar "modu aktiboan" parte hartzea eta euren ikuspuntua eta proposamenak gertutik ezagutzea nahi du. 

Hurrengo bilera, eraikinaren kudeaketa eredua zehazteko

Atzoko bileran, Bagarak azken hilabete eta erdian egindako lana azaldu zuen. Erlojuaren eraikinean dauden eta egongo diren kultura talde bakoitzarekin bildu dira, horien beharrak jasotzeko eta Arrasateko kulturaren egoeraren gaineko diagnosia egiteko.

Informazio hori guztia partekatu zen atzo udal ordezkariekin eta prozesuak jarraipena izango du otsailean. Udala herriko kultura eragileekin bilduko da, berriro ere, eraikinaren kudeaketa eredua zehazteko eta bilera horretarako talde bakoitzak landua eraman beharko du bere kudeaketa eredu eta proposamena. 

Agintaldiko proiektu "garrantzitsuena"

Maria Ubarretxena alkateak berretsi duenez, kultura Udal gobernuaren "ardatz nagusietako bat" da: "Dudarik gabe, proiektu hau, legealdi osoko proiekturik garrantzitsuenetarikoa izango da, garrantzitsuena ez bada". Erlojuaren eraikina "guztiz" berritu litzateke. Horrez gain, Udal Gobernuaren asmoa da Aprendices eraikina birgaitzea Musika Eskolaren egoitza izan dadin. 

Udal Gobernuak gaineratu duenez, herrian 17 kultura talde baino gehiago egoteak eta horiek duten inplikazioak eta parte hartzeak bistako egiten du kulturak "osasun ona" duela Arrasaten. Horregatik oraingo taldeen sinergiak aprobetxatu gura dituzte etorkizune kultura gune berrira begira. "Gure helburua da herrian zein bailaran garrantzitsua izango den kultur gune zehatz eta estrategiko bat sortzea eta kultura alorrean, herritarrei zein kultura taldeei, aukera berriak eskaintzea", esan du Ubarretxenak. 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.