Amnistia Internacional, Serso, Harreman, AMS eta Ekuadorren lurrikarak utzitako ondorioei aurre egiten laguntzeko erakundeak hartu zuten parte elkartasun azokan.
Azokaz gain, denetariko ekimenak izan ziren: umeendako jolasak, zuzeneko musika edota txokolatada, esaterako. Antolatzaileek balorazio positiboa egin dute.
Proiektuak Indian eta Mozanbiken
Bestalde, Ibai-arteren laguntzaz Harremanen elkartasun tonbola izan zen. Bertatik lortutakoa Indiako Ankur umezurtz etxera bideratuko dute. Karitateko mojek daramate etxe hau, eta kalean utzitako neskatilei ematen die laguntza.
Harreman GKEko kide Andoni Uribetxebarriak azaldu du urtean hamaika mila euro ingururekin laguntzen dutela Ankurreko proiektua. Horretaz gain, epe luzeko beste proiektu bat ere badute Mozanbiken, Mundukidek duela hamabost urte martxan jarri zuena. Garapen proiektu bat da, nekazaritza bultzatu nahi duena. Uribetxebarriaren esanetan, egoera latza da herrialde hartan, eta proiektuaren helburua da bertako jendeari laguntzea "miseria gorritik pobreziarako pausoa ematen".
'Kapulana bat zintzilik'
Horrekin lotuta, bihar, eguaztena, elkartasun azokaren bueltan antolatutako beste hitzordu bat izango da, Kapulana bat zintzilik ikuskizuna Miren Amurizaren eskutik. Bertsolari ezaguna Mozanbiken izan zen Mundukideren proiektua ezagutzen, eta bertan ikusitakoen inguruko emanaldia izango da, bertsoz, irudiz eta istorioz lagundua. Hitzordua arratsaldeko zazpietan izango da Kulturaten.