Arbolapeta eta Muzibar arteko kale zatia berrantolatzeko beharra ikusten du Arrasateko Udalak eta ezer egin aurretik, otsailean zehar, erakusketa jarri zuten Kulturaten 21 aukera posiblerekin. Aukera horien artean ez da bat bereziki nabarmendu, herritarrek askotariko iritziak erakutsi dituzte. Hori bai, proiektuak interes handia piztu du arrasatearren artean.
Apirilean bilera auzotarrekin
Auzotarrek kezka adierazi dute eurak bizi diren tokian obra garrantzitsua egingo delako eta Udalari bilera bat eskatu diote. Maria Ubarretxena alkateak iragarri duenez, apirilean egingo da bilera hori eta aurrerago herritar guztiekin partekatuko da informazioa. Udalean, atzo landu zuten gaia Hirigintza batzordean. Egungo gobernuak nahi duena da ahalik eta adostasun handiena lortzea hurrengo agintaldian proiektua gauzatzeko ez dadin oztoporik izan.