Arbolapeta eta Muzibar arteko kalea berrantolatzeko 21 aukera

Jokin Bereziartua Lizarazu 2016ko ots. 8a, 16:13

Arrasateko Otalora Lizentziaduna kalearen Arbolapeta eta Muzibar arteko kale zatia berrantolatu gura du Udalak eta ezer gauzatu aurretik herritarren iritzia jaso gura dute. Horretarako erakusketa ireki dute gaur Kulturaten, kalea egokitzeko 21 proposamenekin. Erakusketa otsailaren 18ra arte egongo da zabalik. Udalaren webgunean ere ikusgai daude plano guztiak.

Epe luzerako proiektua izango den arren, Arbolapeta eta Muzibar arteko kale zatia berrantolatzeko lehen urratsak ematen hasi da Arrasateko Udala. Ezer egin aurretik, baina, herritarren iritziak jaso gura dituzte: "Gure nahia da hausnarketa sustatzea herrian. Gabezia batzuk ikusi ziren aurreko agintaldian, HAPOren [Hiri Antolamenduaren Plan Orokorra] eta Bizikletaren Mahaian. Batez ere Goienara ematen duen espaloi hori oso estua da bertatik pasatzen den jende guztiarendako; oinezkoendako ardatz horrek ez dauka zabalera nahikorik", adierazi du gaurko aurkezpenean Maria Ubarretxena alkateak. 

21 proposamen, 21 plano

Espaloi zati hori zabaltzeko behar handia dago eta hortik abiatuta beste hainbat osagai hartuko dira kontutan. Horregatik Udalak, Bidein ingeniaritza enpresaren laguntzaz, 21 proposamen jarri ditu jendaurrean ikusteko. 

Hiru multzotan banatu dituzte Kulturaten ikusgai dauden 21 plano horiek, errekaren bistaratzea irizpide hartuta. Lehen multzoan erreka bistaratu gabeko proposamenak daude, bigarrenean errekaren zabalera txiki bat bistaratuta eta hirugarrenean, amaitzeko, erreka zabalera handiago baten azaleratuta. Kontuan hartu behar da ibaiak URA agentziaren eskumena direla eta beraz, Aramaio erreka bistaratzeko proposamenen bat aukeratuko balitz Udalak Jaurlaritzarekin batera adostu beharko luke proiektua. 

Informazioa bertatik bertara

Erakusketako proposamen bakoitzeko plano bat sortu dute. Hala ere, planoen gainean zalantzak dituzten herritarrendako teknikari bat jarriko du Udalak erakusketa zabalik dagoen bitartean, eta hilaren 11rako eta 18rako bisita gidatuak antolatu dituzte, 18:30ean.

Herritarrek erakusketan bertan, Biztanleen Arreta Zerbitzuan edota Udalaren webgunean aukeratu ahalko dute proiektu gustukoena, otsail amaierara arte.  

Udalak ez du uste proiektua agintaldi honetan gauzatu ahalko duenik baina asmoa da herritarrak ondo informatuta pixkanaka aurrera joatea. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak