Markel Olanok zuzenean jaso du Ordainduren aldarrikapenen berri

Ordaindu plataformako ordezkaritza bat Markel Olano Ahaldun Nagusiarekin batzartu zen atzo, eguena, euren aldarrikapenak aurrez aurre helarazi eta ondarea handitu izanagatik aurreko Foru Gobernuak kobratu zien zerga bueltatzea eskatzeko. Era berean, salatu dute komunikabideek ez dutela behar den moduan ematen euren aldarrikapenen berri. 

Mondragon Taldean utzi zituzten aurrezkien itzulketa lortzeko borrokan jarraitzen du Ordainduk eta borroka horretan urrats berriak eman dituzte azken orduetan.

Markel Olano Gipuzkoako Ahaldun Nagusiarekin batzartu ziren atzo euren aldarrikapenen berri aurrez aurre emateko eta, azaldu dutenez, Diputatu Nagusia poztu egin zen Ordainduren ikuspuntua lehen eskutik jaso izanagatik. Kaltetuek hainbat eskaera egin zizkioten: "Markel Olanok gaia ulertu zuen eta elkartasuna erakutsi zigun. Eskatu genion bere agerraldietan gure aldarrikapenak ere aintzat har ditzala eta ez dadila, orain arte egin den moduan, gaia ezkutatu. Erabat ados zegoen eta espero dugu horrela egingo duela. Horrez gain, gustatuko litzaiguke Olanoren erantzunak ahalik eta gehien eragitea eta Mondragon Taldea gurekin esertzea. Izan ere, gurekin hitz egin dezatela, hori da nahi duguna. Gauzak ez badira hitz egiten ez dira-eta konpontzen", adierazi du Ordainduko Luis Garatek. 

Ondarea handitu izanagatik ordaindutakoa, bueltan

Bestalde, aurreko Foru Gobernuak ondarea handitu izanagatik kobratu zien zerga ere izan zuten hizpide atzoko bileran, bertan egon zen-eta Ogasun Diputatu Jabier Larrañaga. Gobernu berriak diru hori itzuli egingo die baldintzak betetzen dituzten kaltetuei: "Kontua da ondasuna handitu izanagatik zerga hori ordaindu zuen pertsonak eta diru hori foru arauari jarraiki bueltatzea eskatu duenak ordaindutakoa jasoko duela, ahalik eta lasterren. Hori bai, eskaera guztiek foru arauaren baldintzak bete behar dituzte. Gainera, Diputazioen artean ezberdintasunak ere egon daitezke; bide batez, eskatzen dugu hiru Aldundiak gai horretan bateratu daitezela", dio Garatek. 

Komunikabideen trataerarekin desados

Ordainduko kideek uste dute komunikabideetan ez dela behar besteko argitasunarekin ematen euren aldarrikapenaren berri, eta kooperatibarekin lotutako beste albiste batzuen ondoan gutxietsiak sentitzen dira: "Ezin dira besteon aldarrikapenak modu horretan gutxietsi. Sinesmen kooperatibistan oinarrituta hain justu, bere aurrezkiak kooperatibaren garapenerako utzi zituzten pertsonak dira. Orain ez du zentzurik ostrukarena egiteak edo pertsona horiena ahazteak". 

Mondragonekin negoziatzera zabalik oraindik

Aurrera begira eguenero Arrasaten egiten duten manifestazioarekin jarraituko dutela iragarri dute Ordaindukoek eta zain daude Mondragon Taldeari jarritako demandak zer emango duen ikusteko. Hala ere, kooperatibarekin negoziatzen jarraitzeko prest daudela berretsi dute. 

Erlazionatuak

Ondarea handitu izanarengatik kobratu zieten zerga bueltatu egingo diete Ordainduko kideei

Arrasate

Ondasuna handitzearengatik aurreko Gipuzkoako Foru gobernuak Ordainduko kideei kobratu zien zerga bueltatu egingo diete oraingo arduradunek, eta ba...

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.