Ordainduko ordezkariekin batzartu ziren Ogasun diputatu Jabier Larrañaga, Ogasun zuzendari Jokin Perona eta Zerga Kudeaketa zuzendariorde orokor Yolanda Dominguez. Batzarraren helburu nagusia zen Ordainduko kideei joan den gobernuak kobratu zien kopurua bueltan eskatzea.
Ordainduk honela azaltzen du: “Aurreko Diputazioak 2013an kobratu zigun zerga hori 2008an edo hortik aurrera erretiroa hartu zuten guztioi. Eurekin izandako elkarrizketa baten, esan ziguten aurrerantzean ez zigutela kobratuko, baina ez zutela kobratutakoa itzuliko ere. Bizkaiko Diputazioak, EAJk gobernatuta, orain dela asko itzuli zuen zerga hori, baina Gipuzkoako Diputazioak ez zuen nahi, Bilduren garaietan, gauza bera egitea. Hiru diputazioak EAJk gobernatuta daudenez, jokaera bateratua eskatzen genuen”.
Euren eskaera argumentatzen dute: “Oraingoz, Fagor Etxetresnak existitzen ez den neurrian eta konkurtsoan gaudenez aspalditik, ezinezkoa izango da bide horretatik ezer kobratzea. Zor digutena kobratzerik ez dugulako salaketa aurkeztu dugu Mondragon Korporazioaren kontra. Elkarrizketan esan ziguten 2009ko urtarrilaren 1a ezkero erretiratu ziren eta erreklamatu zuten guztioi bueltatuko zietela jakinarazi zietela. Kanpoan geratuko ziren 2008an erretiratu ziren guztiak, horrela agintzen zuen foru arau bat baitzegoen. Ordainketa epe barruan ez egiteagatik ipinitako zigorra ez ziguten bueltatuko. Erantzule bakarra Fagor Etxetresnak dira, dokumentuak epez kanpo bidali zizkigulako”.
Ordainduk dio Foru Aldundiarekin beste gai batzuk lantzeko ados gelditu direla.