'Sabiñe' du izena aurtengo txerriak

Idoia Davila 2015ko abe. 22a, 08:39
Sabiñe txerria, aurten ere protagonista santamasetan.

Heldu da arrasatearren egun kuttunenetakoa: Santamas feria eguna. Eta aurten ere, ohi bezala, txerria santamasen parte izango da, eta kartelean, gainera, nabarmena da haren presentzia betiko moduan. Sabiñe, hala du izena aurten aurkeztuko den txerriak, Udala auzoko Uxarte baserrikoa da eta itxura ederra du.

Sabiñe txerria astelehenean ezagutu ahal izan da Herriko Plazan. Dagoeneko askok ukitu ere egin ahal izan dute.

Baserri horretakoek diotenez, mestizoa da eta ez dago argi zein arrazaren arteko nahasketa den. Hala ere, euskal txerriaren odola badu; izan ere, bertako arrazaren  ohiko orban beltzak ditu.

Uxarte baserriko Martin Uribarrenen hitzetan, Sabiñe "luzea, handia eta altua" da, eta 150 eta 200 kilo artean pisatzen duela azaldu du.

Itxura on hori lortzeko denetarik eman diote jaten txerriari; erremolatxa, artoa, garagar-irina, sagarrak, aza eta pentsu pixka bat eman dizkiote Sabiñe-ri kumea zenetik.

Uxarten dagoen zementuzko etxola bat da Sabiñe-ren txerrikorta, eta gustuko du bertako berotasunean geratzea. Beste txerri batekin bizi da eta ez du jende artean egoteko ohiturarik. Horregatik, Uribarrenek ez daki nola  jokatuko duen txerriak plazan, jendez inguraturik. "Ez dakit lasai ibiliko den. Txerriak odola du eta ez da batere mantsoa, ia basatia dela esan liteke", dio Martin Uribarrenek, txerriaren jabeak. Hori dela eta, errespetuz tratatzea eskatu eta gomendatzen du Uribarrenek.

Zozketa

Sabiñeren zozketa santamas egunean izango da, abenduaren 22an. Ekitaldiz beteriko jardunaldia izango da eta 20:00etan egingo da zozketa, txerri-dantza eta larrain-dantza herrikoia egin ostean, Herriko Plazan.
Zozketarako txartelak euro batean saltzen dira eta 500 euro irabazteko aukera egongo da. Saria dirutan emango da, debekaturik dago-eta animaliak zozketatzea.

Horregatik, ospakizuna amaitzean, Sabiñe Udala auzora itzuliko da, Uxarte baserrira. Uribarrenek dioenez, urtarril aldera txarriboda egingo dute eta txorizo ugari egingo dituzte: "Horretarako hazi izan ditugu txerriak beti Uxarten".

Lau eta bi hankakoak batuko dira Laubiden

Animaliek santamasetako protagonista handienetakoak izaten jarraitzen dute. Goizetik bazkalordura arte, Arrasateko eta inguruko jendeak, familian zein lagunartean, baserritar jantzita, osteratxoa egiten du feriara ekarri dituzten animaliak ikusteko. Aurten ere hala izango da: Laubide plazak askotariko ganadua eta hegaztiak hartuko ditu, santamas egunean, goizeko hamarretatik aurrera.

Ganadua eta hegaztiak, batera

Aurreko urteetan bi zonatan banatzen bazituzten ere, aurten, santamasetako ganadu eta hegaztien feriak bateratu egingo dira espazio berean. Hori horrela, ganaduen erakusketa Laubide plazan mantenduko da, urtero legez, eta hegaztiena, berriz, Garibai hiribidera aldatuko da, Forum Sport sarrerako aterpera; horrenbestez, elkarren ondoan egongo dira bi feriak.

Ganaduari dagokionez, sei behi arraza desberdin ikusteko aukera egongo da aurten. Berrikuntzetako bat da, behietan, pirioniotar arraza egongo dela, behi gorria, pirenaika. Bestalde, pottokak, moxalak, behorrak, zezenak, idiak, astoak, ardiak... ere ikusgai izango dira.

Urtero bezala, askotariko hegaztiak egongo dira: arraza, forma, tamaina eta kolore askotariko oiloak, indioilarrak eta ahateak egongo dira, arrautzak ipintzen dituztenak asko. Horrekin batera, hegazti mota berriak ere ekarriko dituzte.

Esan bezala, aurten, guztiak, bi zein lau hankakoak, Laubiden egongo dira elkarrekin.

84 postu egongo dira bi gunetan banatuta

Santamasetako azoka baserriko produktuen gotorleku bilakatu da azken urteotan, bertako barazki, fruta, kontserba eta bestelakoek urtero jende mordoa erakartzen dute eta. Aurten ere baserritarrek eta elkarteek euren postuak jarriko dituzte erakusleiho modura: guztira, 84k.

Biteri eta Seber Altube guneak

Bi gunetan banatuko dira postuak: Biteri plazan eta Seber Altuben. Biterin elikagaien 60 postu jarriko dituzte: gazta, txorizoa, pastelak eta kontserbak egongo dira hor, besteak beste. Postu horien artean, batzuk Debagoienekoak izango dira: Gorrotxategiko gozogintza, Antzuolako eta Aramaioko gaztagileak, Egiaundi baserriko txakolina, Oñatiko eztia... Gainontzekoak Euskal Herriko hainbat txokotatik eta Errioxatik etorriko dira. Aipatzekoa da gune horretan Harreman gobernuz kanpoko erakundea eta IMME elkartea (emakume musulmanen integrazioa Euskadin) ere egongo direla euren postuekin.

Seber Altuben baserritarrak egongo dira; 24tik hamabi Arrasatekoak izango dira eta gainerakoak, inguruetakoak: Bergarakoak, Aramaiokoak, Gabiriakoak, Segurakoak, Gatzagakoak eta Aretxabaletakoak, esaterako. Baserrietan ekoiztutako frutak, barazkiak eta ogia ekarriko dituzte

Hiru lehiaketa

Urtero legez, hiru lehiaketatan banatuta sariak banatuko dituzte: herriko postu onenari, barazki onenari eta fruta onenari.

Bestalde, barazki ekologikoekin osatutako saltoki onena eta  baserrian eskuz egindako ogi onena ere sarituko dituzte.

Artisau azoka, lehengo lanbideen erakusleiho

1978. urteaz geroztik eta ohiturarekin jarraituz, mota askotariko langintzek lekua izango dute santamasetako azokan: abarkagintza, pilotagintza, larrugintza, hargintza, xisteragintza, kaikugintza, tailagintza, zeramika eta bitxigintza postuak egongo dira ikusgai, beste askoren artean. Artisauek, euren postuak erakusleiho moduan ipini eta egindako lanak salgai jartzeaz gainera, eurek ondoen dakiten hori zelan egiten duten erakutsiko dute: lanketa prozesu osoa egingo dute, postuetara hurbiltzen den jendeak ikus dezan.

Bi gunetan banatuta

Aurtengo berrikuntzetako bat da artisauen azoka bi gune desberdinetan banatuko dituztela: Jokin Zaitegi plazan eta Biteri hiribidean egongo dira.

Jokin Zaitegiko gunean langintza tradizionalak gailenduko dira, eta, horrekin batera, tailerrak eta erakustaldiak ere egongo dira.

Biterikoa izango da nobedadea; hor egongo dira aurreko urteetan Forum Sporteko arkupean jarri izan diren postuak. Gune horretan Arrasateko artisauak egongo dira: urtetik urtera tokiko artisauen kopurua hazten joan dela ikusita, Komisiñokoek arrasatear horiendako zona berezi bat prestatu dute.

Beira airean puzten bakarra

Azken urteetan bezalaxe, artisauen testuinguruan langintza konkretu eta teknika jakin batzuk ezagutarazi eta balioan jarri gura izan dituzte Komisiñoko kideek. Eta horietako artisauetako bat Igor Obeso da. Hark, hondakinetako beira eta leiho moduko planoak erabiliz, moztuz, itsatsiz eta forma emanez askotariko objektuak egiten ditu: botilak, pitxarra, lanparak...

Aipatzekoa da hori egiteko tradiziorik ez dagoela eta Euskal Herrian beira airean puzten duen bakarra dela Obeso. "Labea 1.200 gradura jartzen dugu, eta, beira urtu ostean, kaña batzuen laguntzarekin guk gura dugun forma ematen diogu, egin nahi dugun objektuaren arabera. Eta hori da, hain justu ere, martitzenean Arrasaten erakutsiko duguna; gure lan prozesua", azaldu du Obesok.

Esan bezala, aurten ere artisautza tradizionalak eta aspaldiko lanbideek lekutxoa izango dute ferian: txiki, gazte zein helduen gustura, langintza teknika desberdinak gertutik ezagutzeko aukera egongo da abenduaren 22an urtero egiten den santamasetako azoka ezagunean.

Eskuz binakako txapelketa, Uarkapera

Pilota partiduek beti izan dute lekua santamasetako egitarauan, eta aurtego jaialdiak beste pizgarri bat izango du. Izan ere, eskuz binakako txapelketakoa izango da jokatuko duten partidu nagusia: 18:00etan hasita, Uarkape Udal Pilotalekuan Aritz Lasa eta Erostarbe Mendizabal III.aren eta Tolosaren aurka lehiatuko dira. Lehen partidu horrekin, pilotazaleak motorrak berotzen hasiko dira, eta ostean izango da plater nagusia. Izan ere, eskuz binakako txapelketa barruan jokatzen ari diren Bengoetxea VI.ak eta Untoriak Irribarriaren eta Zubietaren aurka neurtuko dituzte indarrak.

Partidu nagusia

Abenduaren 4an hasi zuten eskuz binakako pilota txapelketa. Gaurtik martitzenera bitartean lehen itzuliko hirugarren jardunaldia jokatuko dute, eta, horren barruan, hain justu, santamas jaien baitan, Asegarceko Bengoetxea VI.a eta Untoria Aspeko Irribarriaren eta Zubietaren aurka lehiatuko dira; duda barik, lehia polita izango da martitzenekoa. Arrasaten pilotazale mordoa dago, eta, urtero moduan, Uarkapeko harmailak beteta egotea espero da.

Uarkapeko pilota partiduetarako txartelak eskura daitezke dagoeneko; orain dela astebete jarri zituzten sarrerak salgai. Arrasateko Monte eta Buenuena tabernetan daude eskuragarri, 20 eurotan.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak