Gizendu jaku txarrixa eta herrixa saltoka ibiltzeko gogotsu dago, badatoz 2015eko Santamasak. Egitarauaren eta kartelaren aurkezpenean, hainbat nobedaderen berri eman dute. Seigarren urtez jarraian Iban Galan Desegin izan da kartelaren egilea.
Azokarako baimena, 1351a ezkero
Egitarauaren berri eman aurretik Komisiñoak historian atzera egin du horren berezia den azokaren jatorria azaldu guran. 1351eko irailaren 20ra egin behar da atzera horretarako: "Aspaldiko egun horretan sinatu omen zuen Gaztela eta Leongo Pedro I. erregeak, Valladoliden, abenduaren 21ean, 22an eta 23an Arrasateko azoka nagusia egiteko baimena", adierazi du Komisiñoko Oihan Vitoriak.
Alkatearen esker on hitzak
Kultura taldeek eta Komisiñoak antolatu dituzte ekintza gehienak, betiere Udalaren laguntzarekin. Hori horrela, Maria Ubarretxena alkateak eskerrak eman dizkie eragile horiei guztiei. Eta gaineratu du aurrerantzean herriko jai guztietan Udalak parte-hartze "aktiboago" bat izango duela.
Ubarretxenak gogora ekarri ditu joan den abenduaren 4an egin zen Gabonetako argien piztutze ekitaldia eta abenduaren 23tik urtarrilaren 6ra bitartean Biteri plazan egongo den patinatzeko izotz pista.
Horrez gain, herritarrei dei egin die alkateak Santamasetako jaiez goza dezaten: "Herritarrak Santamasetako ekintzetan parte hartzera gonbidatu nahi ditut, eta guztiok Santamasak bizikidetzan eta sexu erasorik gabe jai zoriontsu batzuk pasatzera dei egiten dut herritargoa", esan du.
Nobedadeak azokan
Santamasetako egitarauari dagokionez, aste bukaera honetan bertan hasiko diren ekintzez harago, ekintza zerrenda luzea prestatu dute egun handirako, abenduaren 22rako. Azokei dagokienez, nobedade nagusi bat egongo da aurten: "Ganadu eta hegazti feria bateratu egin ditugu eta, bestetik, artisauena bi gunetan jarriko ditugu, Jokin Zaitegin eta Biterin", jakinarazi du Vitoriak.
Fruta eta barazki azoka Seber Altuben jarriko dute. Arrostaitz eta Lore Gazteek taldeetako dantzariek ere hainbat erakustaldi egingo diote eta aurten Komisiñoak zenbait artisau ere omenduko dituz.
Herri bazkarirako txartelak abenduaren 10etik aurrera salgai
Aurten ere Musakolako kiroldegian egingo da herri bazkaria eta sarrerak bihar, eguena, jarriko dira salgai Bengoa, Kajoi, Ederra eta Amaiur tabernetan, 18 eurotan.
Arratsaldean, urteroko pilota partiduak ez dira faltako. Aurten, gainera, eskuz binakako txapelketa barruan Bengoetxea VI.ak eta Untoriak, Irribarria eta Zubietaren aurka neurtuko dituzte indarrak. Sarrerak laster egongo dira salgai 20 eurotan, Monte eta Buenuena tabernetan.
Eguna borobiltzeko, AEDk antolatuta, Uxue Alberdi, Etxahun Lekue eta Gipuzkoako txapelketako finalistak diren Jon Maia eta Alaia Martin bertsolarien saioa gidatuko du Asier Iriondo gai jartzaileak.
Basende dator aurten
Bestalde, Olentzeroren urteroko laguntzaile diren Txoronpio eta Txoronpiak Basende pertsonaia mitologikoaren laguntza ere izango dute.