Iturripeko itoginen arazoak behin betiko konpontzea espero du Arrasateko Udalak

Jokin Bereziartua Lizarazu 2015ko ira. 15a, 16:05

Atzo hasi ziren Iturripeko kiroldegiko sabaia behin betiko konpontzeko lanak. Azken denboraldian bereziki arazo handiak eragin zituzten itoginek eta saskibaloiko zein eskubaloiko taldeek Musakolan jokatu behar izan zituzten zenbait partidu. Aterki Isola enpresa dihardu lanean eta eguraldiak lagunduz gero hiru astetan amaituko dira obrak. Lanen aurrekontua da 104.607 eurokoa. 

Iturripeko sabaiak arazo gehiago eragin ez ditzan konponketarako hiru aukera aztertu ditu Arrasateko Udalak. Aukera bat zen estalpe guztia kendu eta berri bat jartzea eta beste bat zen bigarren geruza bat sortzea gaur egungoarenaren gainetik. Azkenean, baina, hirugarren aukera baten alde egin dute Obra, Zerbitzuak, Mantenua eta Auzoak batzordeko arduradunek: "Estalpea poliuretanoko 20 milimetroko lehen geruza batekin babestuko da. Gainean beste geruza bat izango du, koloreduna eta apur bat meheagoa. Hartuko du estalpe guztia, bai kantxa eta bai harmailen zatia; atzo hasi ziren eta espero dugu, eguraldiak laguntzen badu, hiru astetan lanak amaitzea", adierazi du batzordeko teknikariburu Moises Altunak. 

Hamar urteko bermea

Izan ere, euria eginez gero lanak gelditzera behartuta daude Aterki Isola enpresako langileak. Enpresa horrek Udalari hamar urteko bermea eskaintzen dio lanokin arazorik balego; beste bi aukerek, berriz, hiru urteko bermea eskaintzen zuten bakarrik. 

Arazo larrienak iaz

1991. urtean eraikia, urte horretan bertan hasi ziren arazoak Iturripeko kiroldegian; orduan elurrak erretenak apurtu zituen. Arazo hori konpondu zuten baina ez, ordea, ur itoginena. Itoginek 2000. urtetik aurrera eragin dituzte arazo gehien: "2000. urtetik gaur egunera arazo handiak izan ditugu. Hainbat konponketa lan egin dira, kanpoko enpresen bidez zein Udaleko langileen bidez, baina behin betiko soluziorik ez dugu lortu. Arazo handienak joan den urtean izan genituen, saskibaloi zein eskubaloi taldeek arazo larriak izan zituzten jokatzeko ere", gogoratu du Altunak.

Erabiltzaileak, behin betiko soluzioaren zain

Mondrate areto futbol taldeaz gain, Ointxe saskibaloi kluba eta Arrasate Eskubaloi taldea dira Iturripeko kantxa gehien erabiltzen duten taldeak. Aurreko denboraldian zoru labainkorrean jokatu zituzten zenbait partidu horrek dakarren arriskuarekin, edo epaileek hala erabakita, Musakolako kiroldegian jokatu behar izan ziren zenbait partidu. Atzo hasi ziren obrekin denboraldi berrian arazorik ez izatea espero dute erabiltzaileek. 

Aurrekontuari dagokionez, Udalak 104.000 euro pasatxo xahutuko ditu obra horretan

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak