Obra, zerbitzu, mantentze eta auzoen ardura duen zinegotziak, Oscar Garcia sozialistak eman du lanon berri prentsa ohar bidez.
Udal eraikina 1991n eraiki zuten, eta jakinarazi dute urte horretan bertan hasita izan dituela arazoak; erretenak apurtu zituen elurrak orduan. Arazo hori konpondu zela diote baina ez ur itoginena. Prentsa oharrean jakinarazi dute ur itoginen arazoak 2007a arte jarraitu zuela eta orduan erabaki zela konpontzea. Sabaira igotzeko segurtasun neurriak jartzea ere erabaki zen orduan.
Denborak aurrera egin ahala itoginak agertzen joan direla gaineratu dute, eta agertu ahala konpondu arren sabaia "hondatuta" dagoenez urarekin arazoak zeudela. Eta zera argitu dute: "2013an kiroldegiaren sabaiaren berritze lanak egin ziren haren egoera oso arriskutsua zelako, baina ez zen lortu ur itogin guztiak konpontzerik".
Astelehenean hasiko dituzten lanok fase bakarrean egingo dituztela adierazi dute: "Ez dute ordezkatuko egungo teilatua, produktu itsaskor bat eman baizik, horregatik kantxa erabilgarri egongo da", diote. Enpresak hamar urteko bermea eman diola Udalari jakinarazi dute.