Hainbat belaunaldirendako ezezaguna den Arrasateko historia hurbila erakusteko asmoz sortua, Alberto Loiti arrasatearraren bi urteko lana izan da erakusketa antolatzearen abiapuntua. Esku artean zuen informazio eta material guztia ikusita, Arrasate Zientzia Elkartekoengana jotzea erabaki zuen Loitik. AZEkoen ekarpenei eta Arrasateko Udalaren laguntzari esker, posible izan da erakusketa zabaltzea.
Ekainaren 12an ireki zuten eta jende asko hurbildu zen irekiera ekitaldira. Adinekoak gehienak, baina hurbildu zen jende gaztea ere. Hala ere, erakusketak izango duen harrera oraindik ikusteke dagoela uste du Loitik.: "15 egun itxaron beharko dugu benetako harrera ikusteko".
Orduko kaleetatik abiatuta, Mondragoen zeuden denda, fabrika eta negozioak ezagutu daitezke eta baita orduko pertsonaiak eta askotariko produktuak ere. Izan ere, 200 bat erretratu eta beste 200 bat pieza jasotzen ditu erakusketak. Uztailaren 11ra egongo da zabalik, honako ordutegi honekin: astelehenetik zapatura, arratsaldeko bostetatik zortzietara.