Jul Bolinaga omentzeko jaialdi handia ekainaren 27an

Jokin Bereziartua Lizarazu 2015ko eka. 3a, 16:14

Jul Bolinaga "lagun eta musikari moduan" omentzeko jaialdi handia egingo dute Arrasateko Monterron parkean ekainaren 27an. Jul-en Lagunak taldeak eta Arrasateko Udalak antolatu dute kontzertua eta atzoko agerraldian aurreratu zutenez, musikariaren ibilbide "luzearen adierazgarri" bat izango da jaialdia. Doakoa izango da, 21:30etik aurrera.  

"Jul, familia, lagunak eta Arrasateko herria zutaz harro gaude!". Hitz horiek izan ditu, besteak beste, Jul-en Lagunak taldeko kide Kepa Altube 'Kopi'-k prentsa agerraldi jendetsuan. Kultura zinegotzi Kepa Urteagak ere nabarmendu du antolatzaileak Udalera laguntza eske joan zirenean jendeak "gogo handiak" zituela jaialdi horretarako: "Azken lau urteotan egindako prentsa agerraldi jendetsuenetako da honakoa, eta horrek asko esan gura du. Jendeak halako bat antolatzeko gogoz badago zer gutxiago Udaletik ere laguntzea baino". 

Bolinagaren ibilbidearen lagin bat

Jul Bolinagak utzi duen "arrastoa" izan dute hizpide agerraldian: "Jul-en ibilbide konprometitua eta mundua aldatzeko zuen grina musikarekin azaltzen zuen", adierazi du Jul-en Lagunak taldeko Iker Barandiaranek. Bada, ekainaren 27an Monterron parkeko agertokian ikusi ahalko dena "ibilbide luze eta emankor" horren lagin bat izango da: "Jende ugari eskaini da baina ezinezkoa zen guztiei lekua egitea, gutxienez hiru eguneko ekitaldia egitea eskatuko zuelako. Kontzertuan ikusiko dena lagin bat izango da". 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak