RIPeko gitarrista Jul Bolinaga hil da Bergaran The Potesekin joten ziharduela

Eneko Azkarate 2014ko aza. 16a, 01:58

Arrasateko RIP taldeko gitarrista Jul Bolinaga hil da bart, Bergarako gaztetxean, The Potes taldearekin —egungo bere taldearekin— jotzen ziharduela. Txapa Irratiaren 30. urteurrena ospatzeko, zapatu arratsaldean antolatutako kontzertuan, bat batean, lurrera jausi da. Anbulantziak berehala gerturatu dira kartzela zaharrera eta ordu eta erdiz saiatu dira erreanimatzen, baina ezin izan dute ezer egin. Ertzaintza eta epailea ere bertaratu dira eta 22:45ean ziurtatu du auzitegiko medikuak arrasatearraren heriotza. Bihotzekoa izan ei da heriotzaren arrazoia. Antolatzaileek gaztetxea berehala hustu eta bertan behera utzi dituzte ospakizunak. Jul Bolinagak 50 urte beteko zituen otsailean.

Goio Arana ('I laket' bloga): Jul Bolinagaren omenez, apunte azkarrak

19:30ak aldera gertatu da. Bergarako Txapa Irrati librearen 30. urteurreneko ospakizunen barruan, The Potes taldeak kontzertua eskaintzen ziharduen. Emanaldiaren amaieran, RIP taldearen Condenado abestia jotzen ari zirenean, bat batean lurrera jausi da Jul Bolinaga. "Kontzertuko azken abestia zen eta azken riffa egiten zebilen jausi denean" esan du Igor Sala The Potes taldeko kideak.

Osasun zerbitzuak eta polizia berehala ohartarazi eta azkar bertaratu badira ere, ezin izan dute ezer egin. Bi ordu eta erdi egon dira zain, auzitegiko medikuak heriotza ziurtatu eta epaileak gorpua jasotzeko agindua eman duen arte. "Bi ordu pasa luze izan dira. Oso une gogorra, taldekide, senide eta antolatzaileondako" esan du Iñigo Herreros kontzertuko soinu teknikariak.

Jul Bolinagaren gorpua Donostiako auzi-ospitalera eroan dute eta autopsia egingo diote heriotzaren arrazoia jakiteko.

Jul (ezkerrean) eta Sala Eskoriatzan, iazko udan.

Punkean erreferente

1980ko hamarkadako RIP punk talde mondragoetarraren gitarrista zen Jul Bolinaga. Talde mitiko hartako lau kideetatik bi —Karlos Agirreurreta Mahoma eta Eduardo Mancebo Portu— hilda daude. Jul Bolinaga 2014ko azaroaren 15ean joan da. Eszenatokiaren gainean hil da. Julen anaia Txerra geratzen da.

RIP taldea erreferente nagusi izan da, bereziki, euskal punk musika zale gazteendako eta Arrasate aldeko belaunaldi berriendako. 

Danbaka musika lehiaketako epaimahaikide

Goiena Komunikazio Taldeak antolatutako Danbaka Debagoieneko Musika Lehiaketako epaimahaiko kide izanda Jul Bolinaga edizio guztietan. Elgetako Espaloia Kafe Antzokiarekin batera antolatutako kolaboratzaile fin, honenbestez. 

25 urteko punkaren historia bizia

RIP. 25 urteko punkaren historia bizia da RIP musika taldearen gaineko dokumental erreferentziazkoa. 1980ko hamarkada Euskal Herria, musikaren aldetik begiratuta, zelakoa izan zen azaltzen du dokumental horrek. Goienak eta Gaztelupeko Hotsek elkarlanean ekoiztua. 2005 urtean argitaratua. Bertan jasotzen dira, besteak beste, Jul Bolinagaren eta anaia Txerraren testigantzak.

Punk-folk akustikoa

Jul Bolinagaren gaur egungo taldeak, The Potesek, Flogging Molly eta RIP taldeen bertsioak egiten ditu. Talde horrek, baina, instrumentu akustikoak sartu ditu bere doinuetan, eta irlandar zein AEBetako ukituak dituen doinuak sortu. Jul Bolinagak bangoa jotzen zuen taldean. 

Erlazionatuak

RIPeko Juli, azken agurra bihar

Jon Berezibar 2014 aza 17 Arrasate

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak