Bezeroek ordainketa egiten duten momentuan bertan –Visa Arrasate txartela pasatzerakoan– jakingo dute saririk egokitu zaien edo ez: makinatik ateratzen den papertxoak film baten izenburua badakar, saritua izango da, eta bestela ez. Eta baiezko kasuan, titulu hori izango da opariaren nondik norakoak asmatzeko pista bakarra.
Ibai-Arteko zuzendaritzako Gabino Yarza, Yolanda Sanchez eta Maria Luisa Via.
Sare sozialetan
Facebook-en ere zintzilikatu du kanpaina Ibai-Artek: kanpainarako aukeratu dituzten filmen izenburuak sartzen ari da bertan, ikusteko ea erabiltzaileek zein opari erlazionatzen dituzten horiekin.
Sari ematea, uztailaren 2an
Maiatzaren 18tik martxan dago kanpaina eta uztailaren 2ra arte iraungo du. Egun horretan, osteguna, 20:30ean, egingo dute sari banaketa, Seber Altuben, animatzaile eta guzti.
4.016 Visa Arrasate txartel
Bestalde, Visa Arrasate txartelaren gaineko balorazio oso ona egin du Ibai-Arte merkatari eta zerbitzu elkarteak. 4.016 pertsonek atera dute txartela eta horietatik 1.700 daude aktibo, hau da, 1.700 inguru hilero erabiltzen dira.
Otsail bukaeratik dago funtzionamenduan Visa Arrasate txartela, eta erabiltzaileek %10 eta %15eko deskontuez gozatu ahal izan dute, martxo hasieratik apiril bukaerara arte indarrean egon den kanpaina baten bitartez. Txartela bera ezagutaraztea eta Arrasateko bezero fidelak saritzea izan dira helburuak eta asmoa da irailean beste kanpaina bat egitea. Ildo horretatik, Ibai-Artetik azaldu dute erabiltzaileek ongi erantzuten dietela kanpainei.