Visa Arrasate-Mondragon txartela aurkeztu du Ibai-Artek

Leire Kortabarria 2015ko ots. 26a, 15:28

Visa Arrasate-Mondragon txartela sortu du Ibai-Arte elkarteak, bezeroak fidelizatzeko modu berri gisa. Ibai-Arte txartelak "harrera paregabea" izan du, antolatzaileen esanetan. Hori dela eta, orain, Arrasateko Saltoki eta Zerbitzuen Elkarteak "pauso irmoa" ematen du Visa Arrasate-Mondragon txartelarekin. Ibai-Artek Caja Rural de Navarrarekin batera sortu du berau. Atzo, eguaztena, aurkeztu zuten.

Ibai-Arte txartelaren abantaila guztiak ditu Visa Arrasate-Mondragon txartelak: iraungitze datarik gabeko puntuak ematen jarraituko du erosketa txartelen truke, deskontuak, promozioak eta opariak eskainiko dizkie erabiltzaileei, eta ordainketak hiru hilabetetan burutzea ahalbidetuko du oraindik, inolako interesik gabe. Gainera, saltokiek zerbitzu osoago bat eman ahalko dute txartelari esker, elkarteak aldiro-aldiro antolatzen dituen zozketetan parte hartzeko aukera eskainiko baitiete bezero fidelenei.

Udalatx eta dragoia

Beste ezaugarri batzuk nabarmentzen ditu Ibai-Artek: "Azkenera doan txartel modernoa izango dute eskuragarri erabiltzaileek, doan eta contacless tekonologiarekin. Edonon erabili ahalko dute, munduko bazter guztietan, eta Arrasateko irudiari esker (diseinuan Udalatx eta dragoiaren irudiak txertatu dira), bezeroak nongoak diren ikusarazteko mesedegarria izango da. Arrasatear bakoitzak jatorriaren zatitxo bat eramango du poltsikoan, eta munduan barrena erakutsiko du".

Egileen esanetan, Visa Arrasate-Mondragon txartela sortzeko erabakia "bat dator egungo garaiekin, eta ezinbesteko giltzarri izatea du helburu, azken boladan gogor jotako bailarako ekonomiari bultzadatxo bat emateko eta zuzenean laguntzeko asmoarekin".

Arrasateko saltokien elkartea lanean dabil txartel berria inguruko elkarte, enpresa, erakunde eta beste motatako elkarteek ere txanpon sozial gisara erabil dezaten. Txartelaren bitartez, erosketa txartelak eskainiko diete beharginei, doan inolako gasturik gabe.

Datorren astean aurkeztuko du ofizialki elkarteak txartel berria.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak