Asko izan dira gaur goizean Gure Esku Dago ekimenak antolatutako ehuntze egunarekin bat egin duten herritarrak. Goizean goiz ez bazirudien ere, eguraldiak ere lagundu egin du eta plaza jendez bete da.
"Herritarren parte hartzea bultzatu gura zen eta ondo erantzun dute, parte hartzea itzela izan da", adierazi du bukaeran Gure Esku Dagoko Maite Albesek. Eta gaineratu: "Oihal mordoa jaso ditugu, eta oso pozik gaude". Izan ere, eta zenbaki zehatz bat esateko moduan ez badira ere, ehunetik gora jaso dituztela adierazi dute antolakuntzatik, eta kopuruarekin "oso pozik" daudela gaineratu.
Oihaletan, gainera, sekulako mezu eta irudi politak ipini dituztela esan du Albesek: "Jostunak oihalak josten aritu dira, eta bitartean mezuak irakurri eta irudiak ikusten. Oso momentu hunkigarria izan da".
Gaurkoarekin pozik, jakitun dira oraindik ere asko dagoela egiteko: "Herritar asko dago saretzeko oraindik. Badakigu askok eta askok oraindik ez dakizkitela ekimenaren nondik norakoak eta bide horretan badago zer eginik". Hala, ekainaren 21ean hiriburuetan egingo den egun handirako lanean jarraituko dutela gaineratu dute.
Egun horretara begira Arrasaten zenbat oihal jasotzea den helburua galdetuta, Albesek esan du zifrak ez duela garrantziarik, baizik eta ahalik eta gehien jasotzeak: "Herria nahi bat ari da aldarrikatzen eta gure helburua ez da zenbaki bat, baizik eta sentimendu bateratu bat".