Atzo, martitzena, egin zuten Udalatx mendi trail lasterketaren aurkezpena Ederra tabernan. Antolatzaileek hainbat datu eman zituzten: 250 korrikalari, 21 kilometro, 1200 metroko desnibela eta lau anoa puntu. Horietako bitan jatekoa eta edatekoa egongo da eta beste bietan edatekoa.
Mendi lasterketa antolatu ahal izateko laguntza eman duten babesleak eskertu ostean, Mondraitz taldeko Eneko Urrizalkik, Iñigo Altzolak eta Iker Sarabiak parte hartuko duten izen propietako batzuk aipatu zituzten. Besteak beste, Iñigo Lariz, Imanol Goñi, Iñaki Uribetxeberria, Aritz Kortabarria eta Oihana Kortazar egongo dira. "Izen handiko korrikalariak dira eta ohore handia da guretzat. Baina, garbi utzi gura dugu lasterketa herrikoia dela gurea", esan zuen Eneko Urrizalkik.
Bidea errespetatu
Antolatzaileek bestalde, ibilbidearen gaineko azalpenak eman zituzten. Zintekin markatuta egongo da, eta hori errespetatzeko eskatu zuten. "Harriak erortzeko arriskua dago eta kontu handik ibiltzea eskatzen dugu. Errespetatu markatuta dagoen ibilbidea", esan zuten.
Boluntarioak
Azkenik, boluntarioei dei berezia egin zieten: "Domekan, 07:00etan hasiko gara lanean. Hortaz, boluntarioei dei berezia egiten diegu. Ager daitezela Herriko plazan".