Mondraitz, Udalatxerako mendi lasterketa antolatzea lehentasun

Jokin Bereziartua Lizarazu 2014ko abe. 1a, 12:07

Mondraitz izenarekin, kirol klub berria sortu da Arrasaten. Asfaltoan zein mendian korrika egiteko zaletasuna duten zenbait arrasatearrek sortu dute: Iker Sarabia, Juanpe del Pozo, Markel San Migel, Eneko Urrizalki, Iñigo Altzola, Joseba Onsoño eta Iban Aranguren dira taldea abiarazi dutenak. Oraindik ez dute aurkezpen ofizialik egin eta oraingoz herri lasterketa bat antolatzea da kluba bera existitzearen arrazoia: Arrasate Udalatx Mendi Lasterketa. 

Arrasate Udalatx Mendi Lasterketa antolatzen dihardute 2015eko apirilaren 19rako. Ibilbidea "oso polita" izango da, antolatzaileen arabera: Herriko plazatik abiatuta Udalatxera igo, Txukurrillotik –Udala– jaitsita Besaideraino, eta Besaidetik Arrasatera, Herriko plazan amaitzeko.

21 kilometro inguru dira, maratoi erdia, eta 1.300 metroko desnibel positiboa duena: "Proba gogorra izango da, baina oso polita. Ibilbidean pare bat sekretutxo daude aurrerago jakinaraziko ditugunak", adierazi du Iker Sarabiak. Lasterketa herrikoia izatea gura dute baina dagoeneko badakite maila altuko korrikalariak ere etorriko direla: "Horietako batzuek esan digute etorriko direla", baieztatu du Sarabiak. 

Laguntza eta babes bila 

Oraindik ez dute egunik zehaztu, baina urtarril amaieran edo otsailean irekiko dute izen-ematea. Korrika egiten adituak dira, baina ez horrenbeste halako proba bat antolatzen: "Astero elkartzen gara. Zailena da enpresa handien laguntza jasotzea; esango nuke enpresa handiak hemen ez daudela ohituta halako probak babestera. Denda txikiak eta enpresa ertainak izango dira seguruenik gehien lagunduko digutenak".

Udalarekin ere jarri dira harremanetan eta proiektua dagoeneko aurkeztu dute udaletxean. Udaletik printzipioz baiezkoa eman diete diru-laguntzarako, oraingoz zenbatekoa izango den ez dakiten arren: "Pozik gaude alde horretatik, erantzun ona jaso dugu Udaletik". 

Orain buru-belarri ari dira apirilaren 19ko lasterketa antolatzen: "Taldea eratuta dagoen arren, orain lehentasuna lasterketa da guretako", dio Mondraitz klubeko kideak. Aurrerago kluba ofizialki aurkeztuko dute; hori bai, aurreratu dute ateak irekita izango dituztela lagundu gura duen edonorendako. 

Esaterako, Arrasate Udalatx Mendi Lasterketarako ere boluntarioak beharko dituzte ibilbidea markatzeko eta baita jan-edan postuetan egoteko, besteak beste. Halako deialdiak aurrerago egingo dituzte. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak