Zapatuko batzarrean hauteskundeetarako taldea eratzeko prozesua zein den azalduko dute, besteak beste: "Lehenago argi eta garbi esan genuen Arrasate Ahal Dugu-Podemos moduan ez ginela aurkeztuko, baina gure udalerrian proiektu kolektiborik ez dagoenez gauzak beste era batera egin daitezkeela bururatu zaigu. Egungo eskemak apurtu gura ditugu eta egitura horizontal baten oinarritzen den sistema berri bat sortu. Arrasateko sentsibilitate guztietako jendearekin komunikaziorako bide zuzen bat eratu gura dugu", adierazi dute prentsa ohar bidez.
Aurkeztu ezkero, alkategaia hilaren 14rako
Hilaren 11ko batzarrean hauteskundeetarako taldea eratzea erabakitzen bada, apirilaren 14an berriro elkartuko dira talde horri "forma" emateko. Orduan aukeratuko lukete alkategaia eta 21 hautagaien zerrenda: "Jende askoren inplikazioa beharko dugu helburu zehatzak lortzeko. Hauteskunde programa ahalik eta modurik zabalenean eta asanblearioan egin gura dugu. Horregatik Arrasateko talde, eragile eta norbanako guztiak gonbidatzen ditugu zapatuko batzarrera etor daitezen. Parte hartzaile guztiek izango dute botoa eta euren iritzia emateko tartea".