Arrasatearrak martxoaren 2tik aurrera hasiko dira organikoa bereizten

Hala iragarri zuen Arrasateko alkate Inazio Azkarragaurizarrek atzo, astelehena, egindako osoko bilkuran. Udalak prentsa ohar bidez zehaztu du martxoaren 2an izango dela eta edukiontzi berriak kalean jartzen diren unetik hasi ahalko direla herritarrak hondakinak bertara botatzen. Urtarrilean abiaraztea aurreikusi bazen ere, "hainbat arrazoi teknikok" atzeratu egin zuten. Beraz, hurrengo hilabetean hasiko dira arrasatearrak organikoa bereizten, bost edukiontziko sistema berriarekin.

Alderdi sozialistak –Gregorio Atxutegik zinegotzi kargua hartu du gaur Rakel Diazen ordez – Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioaren kudeaketak eragindako "finantza krisia" salatzeko aurkeztutako mozioaren osteko eztabaidan atera dute gaia. PSE-EEk eta EAJk mozioaren alde bozkatu arren ez du aurrera egin, Udal Gobernua osatzen duten Bildu eta Aralar taldeek kontra bozkatu dutelako.

Bestalde, Debagoieneko Mankomunitatearen estatutuetan zenbait aldaketa egitea ere onartu du udalbatzak oposizioaren kontrako botoekin. Eztabaida piztu du gaiak, bereziki Mankomunitateko organoetako erabaki ahalmenari dagozkion arloetan. Aldaketak onartu dira, baina EAJk eta PSE-EEk kontra bozkatu dute.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.