Arrasatearrak urtarrilean hasiko dira organikoa bereizten

Jokin Bereziartua Lizarazu 2014ko aza. 11a, 19:34

Hondakinen Mahaiak prentsa agerraldia egin du gaur Arrasateko Musakolako erretiratuen tabernan, hondakinen bilketa sisteman emango diren urrats berrien gaineko argibideak emateko. Urtarrila ezkero "derrigorrezkoa" izango da hondakinak bereizita ateratzea: "Kaleko edukiontziak berrituko ditugu, orain arte egon ez den organikoaren edukiontzia ere aurrekoei gehituz", adierazi du Inazio Azkarragaurizar alkateak. Ondoren errefusaren edukiontzi grisa jarriko da; bi edukiontzi berriak jarri ostean kenduko da edukiontzi berdea –beirarena ez, bestea. 

Beraz, urtarriletik aurrera ondorengo bost frakzio batuko dira: organikoa, ontzi arinak, papera-kartoia, errefusa eta beira. Alkateak gogorarazi du organikoaren eta errefusaren edukiontziek "sarrera kontrola" izango dutela: "Herritarrek horiekin egiten duten erabilpena egokia den ikusteko eta, ondoren, formazio eta aholkuak ematea da helburua".

Alkatearen arabera, urtarrilean aurreikusten dute Arrasaten organikoa berezituta jasotzen hastea: "Horretarako, lehendabizi progresiboki jarriko dira edukiontzi marroia eta grisak. Lehenengo organikoenak jarriko ditugu eta gero errefusa biltzekoak. Hori herri osoan egiten denean, edukiontzi berde guztiak kenduko dira eta denok batera hasiko gara organikoa berezituta eramaten edukiontzietara". 

%70eko birziklatze-tasa bederatzi hilabetetan

Joan den urriaren 31n sinatu zuten akordioak jasotzen du %70eko birziklatze-tasara heldu behar dela bederatzi hilabetetan: "Bederatzi hilabetetan %70eko bilketa selektibo maila lortu behar dugu edukiontzi bidezko sistema batekin. Helburu horretara iritsi ezean, atez ateko sistemara jo beharko dugu", adierazi du EAJko bozeramaile Juan Karlos Garitanok. Garitanoren arabera, "oraintxe" gaude erronka horri eusteko atarian: "Denon esku dago gauzak ondo eginez helburu horiek lortzea. Gu horretarako bitarteko guztiak ari gara jartzen: baliabide teknikoak, informazioa, kontzientziazioa eta formazioa". 

Hondakinen Mahaia osatzen duten alderdi eta eragile guztiak bat datoz honako mezua zabaltzerakoan: "Ez dugu inolako dudarik arrasatearrok ondo egingo dugula, eta gutxi barru zaila izango zaigula ulertzea zela ibili garen utzikeriagatik, edo erosotasunagatik, hondakinak neurri barik sortzen eta edozein modutan uzten, hori eskubide bat zelakoan".   

Informazioa eta formazioa urtarrilera bitartean

Urtarrilera bitartean "buru-belarri" arituko dira informazioa eta formazioa eskaintzen: "Jadanik formazio saio ugari egin ditugu zerbitzuen alorrean, Udal azokan, komertzioetan eta industrian ere. Saio horietan azaldu diegu hondakin mota bakoitzaren ezaugarriak zeintzuk diren, zelan berezitu behar diren eta abar", adierazi du Arrasate Garbiko Mertxe Trojaolak. 

Azaroa eta abenduan zehar, herritarrekin egingo dute lan hori bera eta horretarako, auzoz-auzoko kanpaina informatiboa abiatuko dute aste honetan bertan, abenduaren 19ra arte luzatuko dena: "Astero auzo batean informazio bulego ibiltaria jarriko dugu bertan hondakinen sailkapenaren edo gaikako edukiontzien erabileraren inguruko zalantzak argitzeko. Horrez gain, bulego honetan organikoa ondo berezitzeko zenbait baliabide banatuko dira etxebizitza bakoitzerako".

Bandoa etxe-atari bakoitzean, hitzaldien berri emateko

Horrez gain, auzo guztietan bina hitzaldi emango dira, bat euskaraz eta bestea gazteleraz: "Hitzaldiotan, Hondakinen Mahaiko kideok erdietsitako akordioak azalduko ditugu eta Mankomunitateko informatzaileek hondakinak nola sailkatu behar diren eta edukiontzi berrien erabilera azalduko dute".

Alkateak adierazi du auzo bakoitzeko atari edo portal guztietan, bandoak jarriko dituztela herritarrek "garaiz" jakin dezaten noiz izango den euren auzoko hitzaldia, ze ordutegi izango duen informazio bulegoak eta bestelako informazioarekin.

Informazio eta formazio kanpaina hori Musakolan hasiko da. Lehen hitzaldia azaroaren 13an emango dute, Musakolako zaharren egoitzako tabernako egongelan. Euskarazkoa 18:00etan eta gaztelerazkoa 19:30etan. Informazio bulegoa Kiroldegian ezarriko dugu, azaroaren 17tik 22ra arte.  

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak