Carmina Burana obra bueltan dator Amaia antzokira, Goikobalu abesbatzaren 25. urteurreneko ekintza nagusi moduan. Aspaldi interpretatu zuen azkenengoz eta orduko ia protagonista berberekin itzuliko da Amaiara Carl Orff konpositore alemaniarrak sortutako obra: "Bertsio bera duela 15 urte egin genuen. Gainera, ia interpreta berdinak arituko dira oraingoan eta perkusioa ere Arrasate Musikalena izango da. Oroitzapen onak gordetzen ditut; obra handien artean zuzendu nuen lehena izan zen eta arrakasta handia izan zuen. Gustura geratu ginen", adierazi du koruko zuzendari Iñaki Maidaganek.
Abesbatzan modu aktiboan dihardutenak uztailean hasi ziren ondo ezagutzen duten obra prestatzen eta gainerakoekin irailean hasi ziren entseguak. Maidagan pozik dago orain arte egindako lanarekin eta obra hartzen ari den formarekin. Dioenez, orain azken ukituak falta zaizkio. Izan ere, arrasatearrei gustatuko zaien ikuskizuna izango dela uste du koruko zuzendariak: "Zati batzuk oso ezagunak dira, telebistako iragarkietan-eta agertu izan direlako. Polita da entzuteko eta batez ere ikusgarria da. Koru handia behar da, 100 bat abeslari izango gara; gainera, perkusioak eta pianoak asko betetzen du".
Sarrera gehienak salduta badaude ere oraindik aukera dago Carmina Burana obraz gozatzeko. Hala, sarrerak 18 eurotan eskura daitezke Amaia antzokiko leihatilan edo Interneten. Udalaren zein Kutxabanken webgunean daude salgai.