Egunotan buru-belarri ari dira hastapenetako eta gaur egungo koruko kideak elkarrekin, azaroaren 15ean Amaia antzokian (20:00) abestuko duten Carl Orff konpositore alemaniarraren Carmina Burana obra entseatzen. Sarrerak 18 eurotan eskura daitezke Amaia antzokiko leihatilan eta on line ere bai honako helbideetan: Arrasate-mondragon.net eta Ticket.kutxabank.es.
Herriko abesbatzak batuz
Arrasaten garai baten abesbatza asko izan ziren, baina hainbat arrazoirengatik desagertu egin ziren. Jesus Mari Artze SUDC elkarteko garai hartako presidenteak, herriko kantu-zaletasuna eta tradizioa berreskuratzeko asmoz, desagertuta zeuden abesbatzetako ordezkariak batu zituen orduan. "Parrokiako koruan, Danok abesbatzan eta Arrasate Musikalen bueltan genbiltzanak batu gintuen Artzek bilera hartan. Maiatzean hasi ginen entseatzen eta abenduan egin genuen lehen kontzertua Ordizian", esan du Juanjo Vallek, 25 urtean Goikobaluko kide izan denak.
80 lagunek osatzen zuten jaio berria zen Goikobalu abesbatza. "Gaur egun moduan, emakumeak eta gizonezkoak geunden abesbatzan, baina, garai hartan, orain ez moduan, gizonezko gehiago ginen kantuan", dio Joaquin Etxebarriak, Goikobaluko kideak, eta zera gaineratu du: "Orduan ere, kantu-zaletasuna bultzatzea genuen helburu; horregatik, bada, askotariko jatorri, estilo eta hizkuntzetan abestutako kantuak batzen genituen errepertorioan".
Zuzendari donostiarra
Ahal zuten tokian entseatzen zutela diote: "Abade-etxea izan zen gure lehenengo entsegu-lokala, gaur egun Udaltzaingoa dagoen eta garai baten Zerrajerarenak ziren lokaletara joan ginen gero. Ez ginen luzaroan egon bertan; handik Gazteluondo ikastolara joan ginen eta egun, Zerrajerako Erlojuaren eraikinean dugu etxea", diote abeslariek.
Sekulako giroa zegoen abesbatzako kideen artean, handia zen-eta Goikobalukoek zuten kanturako ilusioa eta ikasteko gogoa. Kanpotik etorritako zuzendaria izan zuten hastapenetan: Luis Ignacio Ruiz de Alegria Jimi donostiarra. Aurrez Eskoriatzako abesbatza zuzendu zuen, handik Arrasatera etorri zen gero. "Diziplina handia zegoen garai hartan; puntualtasunari garrantzi handia ematen zion zuzendariak, entsegua hasterakoan atea ixten zuen eta ez zuen atsedenera heldu bitartean zabaltzen. Berandu zetorrenak kanpoan itxaron behar izaten zuen. Astean birritan elkartzen ginen, gaur egun moduan, martitzen eta eguenetan", diote Juanjo del Vallek eta Joaquin Etxebarriak.
Luis Ignacio Ruiz de Alegriaren lekukoa koruko kide zen Eugenio Etxebeste arrasatearrak hartu zuen eta 1996ko urtarrilaz geroztik, Iñaki Maidagan da zuzendaria, hura ere abesbatzako kidea. Tartean, unean uneko kolaboratzaileak ere izan zirela diote: Javier Busto eta Jesus Mari Etxebarria, horien artean".
Atzerrira ere bai
Goikobalukoen ahotsak mugaz bestalde ere heldu ziren. Kantuaren aitzakian kideek eta haien senideek eta lagunek hainbat bidaia kultural egin zituzten: Galesera, Argentinara, Italiara eta Andaluziara, besteak beste. Horietan guztietan, bertako bizilagunak ezagutzeko aukera izan zuten; gaur egun ere harremanetan jarraitzen dute. Galesera, New Castlenen bizi zen Gurutze Uribarrenenen laguntzaz heldu ziren. Argentinara, berriz, euskal etxeekin elkarlanean joan ziren; birritan joan ziren.
Oroigarria ere ekarri zuten: "Ekarri genuen hango Ombu zuhaitza Santa Barbara azpiko ahateen lorategian dago. Argentinan bizi den Arrasateko familia bat hona bisitan etorri zenean landatu genuen".
Beste koru batzuekin elkarlana
Betidanik izan dira Abesbatzen Federazioko kide, eta horregatik izan dute, besteak beste, harremana hainbat talderekin. Donostiako Orfeoiarekin izan dute gertukoena eta Bilboko eta Iruñekoekin ere izan dira sarritan.
Debagoienean, Bergarakoekin izan dute harremanik estuena; horren erakusle, Lausardi Abesbatza Sinfonikoa. 1999ko emanaldian, Maidagan zuzendariak lanak izan zituen taldea sortzeko eta Bergarako Orfeoiko orduko zuzendariak, David Azurtzak, elkarrekin kantatzea proposatu zion. Horrela egin zuten eta 2000. urtean Lausardi sortu zuten gero. Disko bat grabatu zuten eta hainbat obra taularatu ere bai, Lausardi Abesbatza Sinfonikoaren bost urteko ibilbidean.
Erreportaje zabalagoa biharko Goiena Paperean
Aste honetako Goiena paperean Goikobalu Abesbatzaren 25 urtetako ibilbidearen gaineko erreportajea irakurtzeko aukera izango da. Garai bateko argazkiez eta Santiagoko Bidea Kantuan ekimenaren kontakizunaz gainera, Iñaki Maidagani, gaur eguneko zuzendariari egindako elkarrizketa jasoko du biharkoak.