Kanadako Sam Roberts Band taldearekin emango zaio hasiera, egubakoitzean, hilak 10, Amaia Antzokiko urriko kultur eskaintzari. Kanadako taldeak Oñatiko Malenkonia taldea izango du lagun. Gaztemaniak egitarauaren barruan dago kontzertu hori. 20:00retan hasiko da eta sarrerak 7 euro balioko ditu.
Domekan, urriaren 12an, antzerkiak hartuko du Amaia Antzokia; Titzina taldearen eskutik etorriko baita Arrasatera, Distancia 7 minutos antzezlana. Haur antzerkia ere izango da hilabete honetan; Deabru Beltzak taldeak, August Strindberg autorearen Tabako lehortegiko sekretuak ipuinean oinarriturik, opera abeslari baten arrakasta eta hondamendia ardatz dituen Opera abeslaria izeneko haur antzerkia taularatuko baitu. Urriaren 25ean, zapatuan, izango da hori, 17:00etan.
Herriko taldeen eskaintza
Ozenki taldeak antolatuta eta Opera 2001 taldearen eskutik, Don Giovanni opera ikusteko aukera izango da urriaren 30ean Amaia Antzokian. Azaroaren 15ean taularatuko du Goikobalu Abesbatzak Carmina Burana. Goikobaluren 25. urteurrenaren baitan eskainiko dute Carl Orff-en obra ezaguna. Izaskun Murgia Elkarte Lirikoak, bestetik, La Rosa del Azafran zarzuela eskainiko du azaroaren bukaeran eta Doke taldearen eskutik etorriko da Galderak proposamena, abenduaren 12an eta 13an. Udazkeneko eskaintzarekin bukatzeko, Arrasate Musikaleko bandak, gabon zaharretako ohiko kontzertua eskainiko du, abenduaren 31n.