Izan ere, Etxebarriak azaldu duenez "proiektu potoloa" da: "Ikusi beharko da zenbat urtetan egingo den. Hori bai, gure nahia da zailtasunik handienak dituen tarteetatik hastea; ez goaz arazotik ihesi, lanik zailenetatik hastea gura dugu".
Proiektuaren helburu orokorra azaltzeko Etxebarriak gogora ekarri du Olandixoko tunela ireki arte bertatik pasatzen zela zirkulazio orokorra: "Hala ere, egun zirkulazio-bide izateari utzi beharko dio eta herriko kale izatera pasa. Aldaketa horrek egokitzapen lanak behar ditu; hala, oinezkoek behar duten espazioa hartu behar da kontuan, besteak beste". Orokorrean, Arrasateko Udalak gura duena da oinezkoei zein bizikletan doazenei lehentasuna ematea.
Onartu arren, eztabaida osoko bilkuran
F zatia da –fase bakoitza hizki batez izendatu dute– oraingoz eragozpen gehien sortu dituena, hau da, Arrasate pasealekuaren beheko aldeari eragiten diona, ertzetako bi biribilguneak barne –hots, Bolintxo okindegiaren ingurua–. Osoko bilkuran EAJko bozeramaile Juan Karlos Garitanok azterketa bat eskatu du zati horretarako, erabiltzaileei ahalik eta kalte gutxien eragiteko: "Zati hori sei hilabetez itxita egotea ekidin behar dugu". Etxebarriak erantzun dio gainerako obretan moduan prozedura izango dela lanak pixkanaka egitea eta betiere erabiltzaileei "ahalik eta kalte gutxien" sortuz.