Foru Aldundiak zeukan errepide hau mantentzeko eskumena, baina duela hiru hilabetetik Udala da bere jabetza duena. Orain, errepide zaharra kale bihurtu nahi du Udalak, mugikortasun eredu berri bat sustatuz, eta oinezko zein bizikletei lehentasuna emanez.
San Andres, Arimazuri eta Uribe auzoetan eragina izango du proiektuak. Errepidea estutu egingo da, Uribe auzoko ikastolara arte bidegorria eraiki, eta oinezkoen ibilera errazteko… gune guztian espaloiak zabalduko dira. Takolo-Goiru proiektua bederatzi fasetan banatuko da, eta lehentasuna Udala eta Foruen plaza arteko guneak izango du. Hau da herritarrek gehien erabiltzen duten lekua, eta bertan eragin nahi du Udalak. Oinekoei lehentasuna emango zaie, eta trafikoa murrizteko oztopoak jarriko zaizkie kotxeei.
Azalpenak Kulturaten
Astelehen eta martizenean, proiektuaren nondik norakoak azaldu dituzte Udaleko arduradunek. Kulturaten, Takolo-Goiru proiektuari dagozkion planoak ikusgai izan dira, eta herritarrek beren inguruko zalantzak argitzeko aukera izan dute Joxe Etxebarria hirigintza zinegotziarekin, eta Juan Antonio Urdangarin arlo horretako arduradunarekin. Behin proiektua paperean jarrita, Udal gobernuak eztabaidatu eta bere inguruko behin betiko erabakia hartzea espero da. Horren ostea bizilagunekin hitz egin, eta lanak hasiko dira.
Udalak bost milioi euroko kostua jarri dio Takolo-Goiru proiektuari. Eskumen aldaketarekin milioi bat euro eman dizkio Foru Aldundiak Arrasateko Udalari, eta diru hori baliatuta aurten hasi nahi dituzte lanok.