Mugikortasuna eta iraunkortasuna, eskutik, Arrasateko asterik berdeenean

Jagoba Domingo 2014ko ira. 10a, 14:23

Datorren martitzenean hasiko da Europan Mugikortasuna Astea, eta gaur Arrasaten egingo dituzten ekintzen berri eman dute. Besteak beste, bigarren eskuko bizikleta azoka edo bizikleta martxa egingo dituzte, baina berritasunik ere badakar aurtengoak; Etxaluze-Musakola bizikletaz egiteko alternatibak izeneko erakusketa. Horrez gain, bizikleta eta oinezkoen bide sarea osatzeko mahaia osatuko dute irailean zehar, talde interesatuekin eta herritarrekin.

Europa mailan ospatzen da Mugikortasun Astea irailean, eta Arrasaten ere hala egingo dute beste urte batez. Irailaren 16tik 22ra izango da  eta Agenda 21en ekintzen baitan kokatzen dela argitu du Josu Peredak helburu garbi batekin; iraunkortasunaren inguruko kontzientzia arrasatearrengan indartzea.

Bizikleta bide proiektu berria

Aurtengo berritasuna irailaren 22an estreinatuko duten erakusketa izango da. Kulturateko klaustroetan egongo da ikusgai erakusketa astebetez eta bertan Etxaluze-Musakola bidea bizikleta gainean egiteko alternatibak azaltzen dituen panelak egongo dira; guztia hainbat aspektu kontutan hartuta. Herritarrek ikusi, galdetu eta proiektuaren gaineko iritzia eman ahalko dute, Udalak kontuan har dezan.

Horrez gain Arrasateko ikuspegi orokorra erakutsiko dituen mapak egongo dira, bizikletarako bideak eta oinezkoen bideak ardatz hartuta; eta aurrerantzean egin nahi dituzten bide proiektuak, tartean Takolo-Goirukoa. Erakusketako panelak Udaleko webgunean jarriko dituztela esan du Joxe Etxeberria zinegotziak.

Mugikortasun mahaia

Erakusketarekin batera ere, Arrasateko bidegorria osatzeko mahaia sortuko dutela aurreratu dute eta herritarrak bertan parte hartzera animatu dituzte, norberaren ideia eta kezkak bertan azaldu eta guztien artean bizikidetzan oinarrituriko bide sare bat sortzeko asmoz. Horrez gain mugikortasunarekin harreman zuzena duten eragileek ere parte hartuko dute mahaian. Asmoa irailean bertan lanean hastea da.

Bestela ere, pasatako urteen dinamika jarraituz herri busa dohainekoa izango da eta bigarren eskuko bizikleta azoka egingo dute, irailaren 20an. Hala ere, azokarako materiala zapatuan hasiko dira batzen, goizeko 11.00ak eta 13:00ak bitartean eta 16 eta 18an 11:00ak eta 13:00ak artean eta arratsaldeko 17:00ak eta 19:00ak artean.

Irailaren 20rako ere jolas eta tailerrak antolatu dituzte Biteri plazan, emisio txikiko ibilgailuen erakustaldi batekin batera.

Domekan ostera, bizikleta martxa bat egingo dute bizikletentzako egokitutako bideetatik, Monterronen hasi eta Zubillagaraino joan eta bueltan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak