Etxekoak izango dira kantatzen lehenengoak. Mikel Arregik zuzendutako 12 lagun inguruko taldeak, sei urtetako ibilbidean osatutako errepertorioaren laburpena egingo du; hori horrela, euskal folklore kantuak, eliza kantuak eta munduko askotariko herrialdetako abestiak batuko dituzte. Askotariko doinu eta hizkuntzetan abestutakoak, bada.
Suediarrena izango da kontzertuaren zati luzeena, segidan. Michael Waldenbyk zuzenduta, musika erromantikoa eta gaur egungoa bateratzen dituen kantu zerrenda oparoa dute prestatuta: "Bidaia horretarako programa berezia dugu, besteak beste, gure zuzendariak sortutako piezak eramango ditugu. Horrez gainera, euskaraz kantatzen ere ausartuko gara" azaldu du Micaela Wannefors Stocholms Domkyrkokör abesbatzakoak. Tinbre lodi eta emankorrak ditu Suediako abesbatzak ezaugarri. Wanneforsen esanetan, ez da ohiko abesbatza. Profesionalek osatutakoa da eta bakoitzak du bere espresio artistikoa garatzeko askatasuna eta abilezia. Estokolmoko musikagintza eta kultura aberasteko ekarpenak egitea da euren asmoa. Hiru emanaldi egingo dituzte Euskal Herrian, bihar, zapatua, Hondarribian; domekan Arrasaten eta astelehenean, Donostiako Capuchinoseko elizan. Pozarren datoz suediarrak gurera, "Lagun euskaldunei esker, sekulako bidaia izango da. Kantuan egiteaz gainera, txoko polit asko ezagutzeko aukera izango dugu-eta". azaldu du Estokolmoko abeslariak.
Domekako emanaldia borobiltzeko, taldekako erakustaldiak egin eta gero, egon daiteke talde bien arteko kantu sorpresaren bat gordeta.
Txorbelaren agenda ere topera
Garai bateko kantuak berreskuratu eta herri giroa suspertzeko helburuarekin sortu zuten orain sei urte Txorbela otxotea. Orduan ez zuten uste herriko mugak gaindituko zituztenik, baina dagoeneko ezagunak dira Espainiako hainbat txokotan eta atzerrian ere hainbat alditan izan dira kantuan. Txorbelakoen emanaldiak ez dira kontzertu formatuetara mugatzen. Askotariko aurkezpen eta ekitaldietara gonbidatzen dituzte, gaur, egubakoitza esateko, HUHEZI fakultateko ikasturte amaierako ekitaldian izango dira, Amaia antzokian. Horrez gainera, asko dira jantzi dituzten ezkontzak ere.
Asko gozatzen dute kantuan eta are gehiago taldean duten giroaz. Datozen hilabeteetarako agenda betea dute. San Juanetan Granadan izango dira; lau kontzertu egingo dituzte: hiriburuan bi eta Alhama herrian beste bi.