Danbor, barril eta makilen harrabotsen artean bihar beteko dituzte herriko txikienek jaien iragarle lanak. 19:00etan aterako dira neska mutikoak ospitale atzeko kaletik eta ohiko ibilbidetik gora, ordu eta erdiren buruan, gutxi gorabehera, helduko dira plazara Arrasate Musikaleko bandaren laguntzarekin.
Azken ukituak
Entseguetan buru-belarri azken asteetan jardun eta gero parte-hartuko duten 207 umeak gertu daude biharko. Azken entsegua bihar egingo dute, Gaztelupen, goizean, eta 18:00 aldera batuko dira ordurako eskoziar, sukaldari eta bestelako uniformeak soinean eta prest. Ohi bezala, Garibai, Biteri, Maala eta plazatik pasatuko da danborrada.
Karrozak itxura berria izango du
Aldaketa handirik ez du izango aurten haurren danborradak baina bai berritasun txiki bat karrozari dagokionean. Itxura aldatu eta ukitu berriak eman dizkiote haurren danborradako karrozari. Masta bat erdian eta haren puntan marrazki bizidunetako dragoi baten itxura duen irudia ipini dute elementu nagusi moduan. Bihar 48 haur txiki joango dira karroza berrian.
Karroza berria, SUDCekoen biltegian.