Aste Zapatistaren bueltan, askotariko ekintzak izan dira egunotan herrian. Astelehenean hasi ziren horiek, zaharren egoitzatik Santa Mariñe plazara trikitilariekin batera eginiko Udaberri paseoarekin. Senitarteko eta egoitzako langileekin lagunduta egin zuten ibilaldia egoiliarrek, eta plazan Senzala taldeak eskainitako capoeira erakustaldiarekin eta Alaitz taldearen kantu mexikarrekin gozatu zuten.
Martitzenean, Koldo Saratxagaren lantaldeko Oscar Garcia izan zen Eskoriatzan. Gaur egungoekin alderatuta, erabat ezberdina den kudeaketa-ereduaz jardun zuen K2K Emocionando taldeko kideak. Eguaztenean, Chiapasen preso dauden emakumeak laguntzen dituen Pati Arancirekin egin zuten berba bideokonferentzia bidez. Atzo, eguena, berriz, skate longboard eta slak line erakustaldiaz gain, plaza girotzeko igelaren jokoa egitekoak eta kuskusa banatzekoak ziren.
Jorge Arzuaga
Aurrerantzean ere badago zereginik. Gaur, zapatismoari buruz egingo dute berba Madrilgo Sol plazan gose greban egon zen Jorge Arzuaga bilbotarrak eta Ahotsa taldeko hainbat kidek. Eta jarraian, ludotekakoekin batera, umeendako jolasak izango dira.
Eta asteari amaiera emateko, egun handia egingo dute bihar. Besteak beste, bertako baserriko produktuez gertatutako bazkari mexikarra, antzerkia eta kontzertuak izango dira plazan.
Zapatua: Aste Zapatistako egun nagusia
Egitaraua:
12:00 Txupinazoa; jarraian, Luis Ezeizakoek flashmoba grabatuko dute.
13:00 Umeendako ekintzak plazan, Luis Ezeizakoekin.
14:30 Herri bazkaria kontzejupean: bazkari mexikarra. Bazkalostean, Rosa Sanchez abeslariaren emanaldia.
17:30 Ametsen zirkua izeneko antzezlana plazan.
20:00 Kontzertuak plazan: Jinko Vilova, Perro Lobo eta Revolutionay brother musika taldeen emanaldiak.