Magia ikuskizuna, umeen eguna, suzko erruberak, Bartzelonako Can Vies Csa-ko lagunekin tertulia, Goiener proiektua zer den ezagutzeko hitzaldia, dantza tailerra ... denetariko ekitaldiak antolatu ditu Bergarako gaztetxeak 14. urteurrenerako. Gaur, egubakoitza, hasiko da urteurreneko ospakizuna, eta hilaren 22ra arteko egitaraua prestatu dute.
Umeen eguna
Magia ikuskizunak emango dio hasiera 14. urteurrena ospatzeko antolatu duten egitarauari. "Imanol Ituiño etorriko da, 22:30ean. Ezaguna dugu gaztetxean. Lehendik ere egona da, arrakasta izan zuen bere ikuskizunak eta berriz gonbidatu dugu. Berdin gertatzen da saioa hasi aurretik egongo diren suzko erruberekin ere. Duela bi urte bota genituen lehen aldiz eta jendearen gustukoak izan direnez, errepikatu egingo dugu", dio gaztetxeko kide den Aitor Narbaizak. Eta gaineratu du: "Bihar berriz, Kataluniako Can Vies Csa-ko kide batzuk datoz eta tertulia izango dugu eurekin, hango egoera zuzenean ezagutzeko. Elkarrekin afalduko dugu".
Domekan, berriz, umeen eguna izango da gaztetxean. "Gabonetan egin genuen antzerako esperientzia lehen aldiz eta haur eta gurasoen asanblada sortu berri denez, eurekin batera antolatu dugu domekako egitaraua. Jolasaz gain, bazkaria ere egongo da, gaztetxean bertan", aurreratu du Idoia Larrañagak, gaztetxeko kideak.
Gaztetxean
Gaztetxea jendeari erakustea ere gura dute urteurren honekin eta jendeak gaztetxea ezagutzea ere bada helburuetako bat, Larrañagak azaldu duenez: "Erakutsi gura dugu kontzertuez gain, gaztetxeko kultura eskaintza zabalagoa dela. Horrekin batera gaztetxea denondako espazioa dela ere azaldu gura dugu, ezagutzera animatu gura ditugu herritarrak. Horregatik erabaki dugu ekitaldi denak bertan egitea".
Gaztetxe eguna
Ekainaren 21ean egingo dute aurtengo gaztetxe eguna eta urtero legez, pati-poteo-musikatua egongo da. Herriko hainbat gunetan sei kideko talde edo koadrila ezberdinen arteko lehiaketak ere egingo dituzte. Eguaztena aurretik eman behar dute izena koadrilek. Bazkarirako txartelak ere salgai daude.