"Utz dezatela Josu libre eta harekin batera gaixorik dauden preso guztiak"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2014ko eka. 10a, 20:04

Josu Uribetxeberria presoaren askatasuna eskatzeko agerraldi jendetsua egin dute Monterron parkean. Salatu dutenez, Uribetxeberria etxean preso egotearen arrazoia "garbia" da: "Mendekua". "Arrasateko herritarrek" deituta manifestazioa egingo da egubakoitzean, hilak 13, Herriko plazatik abiatuta (19:00). 'Denborak ez du etenik... gaixo larriak kalera' izango da manifestazioko leloa.

Gaurko agerraldian gogora ekarri dutenez, Josu Uribetxeberria kaleratu egin zuten minbizia fasea aurreratua zuelako: "Legeak dioen bezala, minbizia lehen aldiz detektatu ziotenean kaleratu balute, bere osasun egoera hobea litzatekeela ziur gaude". Baldintzapean geratu zen, "neurri zorrotzekin": "Arrasatetik ezin zen irten. Uneoro bete izan ditu Zaintza Epaitegiak ezarritako neurriak, baina bizirik jarraitzen duenez, prozedura judizial zentzugabea ireki diote. Horren haritik, debekatu egin diote etxetik irtetea eta preso dute bere etxean", adierazi dute.

"Arrazoia garbia da: mendekua"

Monterron parkean egindako prentsaurrekoan adierazi dutenez, Josu zigor handienera zigortuta zegoen, 30 urtera: "Nahiz eta beste hamar epaiketa egin zigorra 30 urtetan geldituko litzateke berdin. Orain dela ia 30 urteko ekintza bat leporatu nahi diote. 17 urte pasatu dira Josu atxilotu zutenetik eta orain arte ez diote leporatu ekintza hori. Orain, ordea, epaitu gabeko auzi batengatik, epaitutako guztiengatik baino neurri gogorragoak jarri dizkiote. Arrazoia garbia da: mendekua".

Era berean, Uribetxeberriak tratamenduari uko egin ziola ere gogoratu dute: "Azken epaia irten aurretik uko egin zion tratamenduari osasun eragozpen handiak sortzen zizkiolako eta sendagileek denbora oso mugatua duela esan zioten. Epaileek hori bazekiten, baina etxean preso egon behar duela erabaki dute. Ea horrela lehenago hiltzen den! Gainera, polizia jarri diote etxe aurrean, tentsioa areagotuz".

Manifestazioa ekainaren 13an

Prentsaurrekoan parte hartu duten herritarrek Uribetxeberriaren egoera salatzeko manifestazioa deitu dute egubakoitzean, hilak 13. Herriko plazatik irtengo da manifestazioa, 19:00etan. Amaitzeko, preso arrasatearraren eta gaixorik dauden presoen askatasuna eskatu dute: "Utz dezatela Josu libre eta berarekin batera gaixorik dauden preso guztiak. Izan ere, milaka eta milaka herritarrek hori eskatu baitugu behin eta berriz". Eta honakoa gaineratu dute: "Giza eskubideen, konponbidearen eta bakearen alde gaude".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak