Hona Arrasateko Udal Gobernuak kaleratu duen adierazpena, osorik:
“Josuri bere bizitzaren azken fasea duintasunez igarotzen uztea eskatzen dugu
Josuk uneoro bete izan ditu garai hartan Zaintza Epaitegiak ezarritako neurri zorrotzak. Bestalde, Josuk uko egin zion tratamenduari osasun eragozpen handiak sortzen zizkiolako, eta sendagileek denbora oso mugatua duela esan zioten.
Berriki, epaitu gabeko auzi bategatik, epaitutako guztiengatik baino neurri gogorragoak jarri dizkiote, zer eta Josuren bizitzak oso denbora mugatua duela dakitenean. Epaileak ere horren jakitun dira, baina etxean preso egon behar duela erabaki dute, eta etxe aurrean polizia jarri.
Josurekin egiten ari direna ozen salatzen dugu. Bere bizitzaren azken fasea duintasunez igarotzen uztea eskatzen dugu. Aplika diezaiotela legea eta utz dezatela libre, eta berarekin batera gaixorik diren preso guztiak. Beraien eskubidea da.
Euskal Herritar guztiak gonbidatu gura ditugu ekainaren 13an gurekin batera Josuren egoera eta presoen aurkako mendeku politika salatzera etor daitezen Arrasatera. Gaixorik dauden preso guztiak etxean eta aske egon behar dutela berretsiko dugu. Giza eskubideen, konponbidearen eta bakearen alde.
Ekainaren 13an Herriko plazan elkartuko gara, arratsaldeko 19:00etan.